Gaztemunduko bigarren astearen baitan, astelehen goizean, gure gazteek Zuberoako jauziak landu zituzten; arratsaldean, Euskal Diasporaren Artxiboa eta Bilboko Alde Zaharra bisitatu zituzten. Asteartean, Bilbon bertan, prestakuntza jaso; eta, ostean, Guggenheim Museoa bisitatu zuten. Asteazkenean, berriz, Iparraldera hurbildu ziren, zehazki, Donibane Lohizunera —bertako hilerrian, Jose Antonio Agirre lehendakariaren hilobia bisitatu zuten; eta, ondoren, haren bustoa, Rue Gambetta inguruan—, handik, Biarritzera, eta, ondoren, Baionara. Ostegun eta ostiralean, Nafarroan izan ziren —Tafallan eta Lizarran—. Azkenik, larunbata, Arabako Dantza Txapelketarako haien dantza erakustaldia prestatzen eman zuten.
Tafallako jotak
afallara egindako egondaldian, 2024ko Gaztemunduko neska-mutilak buru-belarri aritu ziren Tafallako herriari eskainitako La Pilindros izeneko Nafarroako jota ezagunaren pausoak menderatzen. Pieza hau 60ko hamarkadan konposatu zen; ordutik, zalaparta handiz dantzatu dute hamaika aldiz inguruko neska-mutilek, eta baita helduagoek ere. Izan ere, Nafarroako herri honetako dantzari beteranoenek bertako jota hau dantzatzen jarraitzen dute, 80 urte inguru izanda ere.
Larrain Dantza eta Desmayo izenekoa Lizarran
Lizarran Larrain Dantza izan zen protagonista nagusia; dantza hau guztiz herrikoia da; eta teknikoki nahiko konplexua. Herriko plazan dantzatu ohi da, eta jende asko bertaratzen da jaietan dantzatzera. Koreografiaren bilakaeran urrats ugari ematen dira: katea, jota, punteatua, fandangoa, balsa, boleroa...
Gaztemundu erakustaldia Arabako Dantza Txapelketan
Iparraldeko eta Nafarroako dantzak ikasteko bigarren aste honen amaieran, arratsaldez Euskal Herriko Lurralde Historiko hauetako kultur ibilbideak bisitatu ondoren, 2024ko Gaztemunduren une gorena iritsi zen, izan ere, gure Gaztemundariek Arabako Dantza Txapelketan parte hartu zuten. Programak iraun duen bi asteetan ikasitakoa aplikatuz koreografia bat osatu zuten. Zehazki, gure lagunak Gasteizko Lakua auzoko gizarte-etxeko García Lorca antzokian aritu ziren, lehiaketa-fasea bukatu ondoren, txapelketako lehiatik kanpo. Oholtzaren gainean, 2024ko Gaztemunduko neska-mutilek egunotan ikasitako guztia erakutsi zuten, bertaratu ziren guztien gozagarri.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)