Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria gazteei ongietorria egiteko hurbildu da Europa Biltzar Jauregira. “Euskarak bizirik irauteko tresnarik eragikorrena euskara erabiltzea” dela adierazi du, “baita ere inguru digitalean”.
GAZTEAK, EUSKARA eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) dira egitasmoaren hiru ardatzak. IKTen alorrean euskararen erabilera sustatzea, euskarazko kultura digitala balioan jartzea eta horren inguruko esperientzia ludikoa sortzea da helburua.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak babestutako egitasmoa bosgarren urtez segidan iritsi da hiriburura. Aurten ere, bigarrenez, hitzordu bikoitza izango da, eta eskainitako toki guztiak bete dituzte ikastetxeek.
- 13 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleak batuko dira abenduaren 16an eta 17an, 9:00etatik 13:45ak arte, Europa Biltzar Jauregian.
- IKT-en inguruko 8 lantegi praktikok, 2 hitzaldi interaktibok, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partidak, Breakout erronkak eta Libe musikariaren kontzertuak osatzen dute egitaraua. Jarduerek Europa Biltzar Jauregiaren hiru solairutako 10 gela beteko dituzte.
- Harrera 9:00etan izan da Maria Maeztu aretoan. Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria ez ezik, Iñaki Gurtubai Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza saileko diputatua nahiz Maria Nanclares Vitoria-Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko zinegotzi ordezkaria ere gerturatu dira. Jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitu dituzte gero.
- Gasteizko saio bikoitz hau 2024 urteko Xare zikloaren azken geldialdia izango da, Baionatik, Iruñetik, Laudiotik, Errenteriatik eta Donostiatik pasatu ostean.
- Iaz, 2023–2024 ikasturtean, 2.800 ikaslerengana iritsi zen proposamena.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)