Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Bilboko Abandoko geltokira abiadura handian sartzeko korridorearen eraikuntza-proiektuaren idazketaren lizitazioa onartu du gaur.
Pauso berri hori Gobernu Kontseiluak ETSri 4,2 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua (BEZ aparte) eta 24 hilabeteko egikaritze-epea duten lanak egiteko ahalmena ematen dion agindua onartu eta bi egunera baino ez da eman.
Azterlanaren xede den tartea, Galdakao-Basauri tarteko Ibaizabaleko zubibidean hasten da, eta Bilboko Abandoko geltokia lurperatzen hasten den puntuan amaitzen da. Geltoki horren proiektua ADIF-Alta Velocidad-ek garatu eta gauzatuko du.
Enpresa esleipendunak egin beharko dituen lanen artean, 1. alternatibaren (Ekialdeko sarrera) araberako trenbide-azpiegitura berrirako egin beharreko plataforma-obren diseinua sartzen da. Alternatiba hori hautatu zen onartutako informazio-azterlanean. Aukeratutako trazadura, 6,2 kilometrokoa, soluziorik onena da, ingurumen-, funtzionaltasun-, ekonomia- eta lurralde-irizpideak kontuan hartuta.