- Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du urrats honekin Euskal Trenbide Sareak 2025ean eraikuntza-proiektuen onarpenean eta obren lizitazioan aurrera egin ahal izango duela.
- Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Ministro Kontseiluak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio-azterlana onartu izana "albiste bikaina" dela adierazi du gaur, Bizkaian "luzaroan itxarondako obra estrategiko honetan" aurrera egiteko. Azpiegitura berriak salgaientzako berariazko trenbide-trazadura berri bat sortzea dakar, Ezkerraldea zeharkatzen duen aldiriko sarea erabilera horietatik libratzea ahalbidetuko duena, Santurtzi eta Olabeaga (Bilbo) artean 12 kilometroko linea bat sortuz, 484,7 milioi euroko inbertsioarekin.
Informazio-azterlana onartzeak azpiegitura berriaren proiektuaren "administrazio-fasea amaitzea" dakar, sailburuak azaldu duen bezala. Garraioetako arduradunak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako kudeaketa-aginduari esker, orain Jaurlaritzaren txanda izango da. Hemendik aurrera, Euskal Trenbide Sareak (ETS) epeak ahal den neurrian arintzeko aldi berean landu dituen eraikuntza-proiektuak onartuko ditu, eta, García Chuecak azaldu duenez, urrats horren ondoren, obrak lizitatzen hasi ahal izango da.
Sailburuak adierazi duenez, "azpiegitura oso garrantzitsua da, mugarri izango dena: lehenik, trenak aterako ditu hirietatik, eta Ezkerraldeko eta Bilboko herritarren bizi-kalitatea hobetuko du, eta, bigarrenik, ekonomia bultzatuko du, portua hobeto eta modu jasangarrian lotuz".
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)