Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Ministro Kontseiluak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio-azterlana onartu izana “albiste bikaina” dela adierazi du gaur, Bizkaian “luzaroan itxarondako obra estrategiko honetan” aurrera egiteko. Azpiegitura berriak salgaientzako berariazko trenbide-trazadura berri bat sortzea dakar, Ezkerraldea zeharkatzen duen aldiriko sarea erabilera horietatik libratzea ahalbidetuko duena, Santurtzi eta Olabeaga (Bilbo) artean 12 kilometroko linea bat sortuz, 484,7 milioi euroko inbertsioarekin.
Informazio-azterlana onartzeak azpiegitura berriaren proiektuaren “administrazio-fasea amaitzea” dakar, sailburuak azaldu duen bezala. Garraioetako arduradunak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako kudeaketa-aginduari esker, orain Jaurlaritzaren txanda izango da. Hemendik aurrera, Euskal Trenbide Sareak (ETS) epeak ahal den neurrian arintzeko aldi berean landu dituen eraikuntza-proiektuak onartuko ditu, eta, García Chuecak azaldu duenez, urrats horren ondoren, obrak lizitatzen hasi ahal izango da.
Sailburuak adierazi duenez, “azpiegitura oso garrantzitsua da, alde batetik trenak aterako dituelako hirietatik, eta Ezkerraldeko eta Bilboko herritarren bizi-kalitatea hobetuko duelako, eta, bestalde, ekonomia bultzatuko duelako, portua hobeto lotuz”.