Frantziako Eskualdeen Biltzarrean parte hartu du, Estrasburgon

Argitalpen-data: 


      imagen_caballero_1.jpg

Carole Delga Regions de France elkarteko eta Frantziako Okzitania eskualdeko presidenteak eta Franck Leroy Grand Est eskualde anfitrioiko presidenteak gonbidatuta, Ander Caballero Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak Regions de France delakoaren Biltzarrean parte hartu du, alegia, Frantziako eskualdeen urteroko topaketan, zehazki, irailaren 26an, ostegunean, "Europa: eskualdeen ordua?" lelopean. Regions de France Frantziako eskualde guztietako presidenteek sortutako elkartea da, eta eztabaida-foro bat eta plataforma bateratu bat eskaintzen ditu bere aldarrikapen komunetarako, kasu bakoitzean dagokion erakunde mailan jarduteko, bai estatu mailan, bai Europa mailan.

Ander Caballerok Europako kohesio-politikari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du. Hain justu ere, Florian Hassler Europako gaietarako eta Alemaniako Baden Württemberg eskualdeko koordinazio politikorako estatu-idazkariarekin, Nicola de Michelis Europako Batzordeko DG REGIO delakoaren zuzendariondoko orokorrarekin, Marie-Guite Dufay Bourgogne-Franche-Comté eskualdeko presidentearekin eta Ary Chalus Guadeloupe itsasoz haraindiko eskualdeko presidentearekin batera hitz egin du Ander Caballero idazkari nagusiak.

Europako kohesio-funtsek eskualdeentzat duten garrantziari buruzkoa izan da eztabaida, bai eta politika horren etorkizuneko konfigurazioak eragiten dituen kezken gainekoa ere. Europako Batzordeko ordezkariak aitortu duenez, bere arabera gaur egungo unea oso garrantzitsua da; izan ere, Europako Parlamentua berritzeak eta Batzorde berria izateak aurrekontuetan eta Europako politiketan egitarau berria ekarriko dute datozen urteetarako, besteak beste, etorkizuneko kohesio-politika zehaztuko da. Horretaz gain, Europar Batasunak finantzaketa-premia berriak izateak areago presionatzen du kohesio-politika, eta kohesio-politika doikuntzak egiteko aldagai posible gisa kokatzen dute, garai berri honetan urte anitzeko finantza-egitarauak zehazteko orduan.

Mahai-inguruan parte hartu dutenek aho batez adierazi dute Europako kohesio-politikak batik bat eskualde mailako politikak izaten jarraitu behar dutela, izan litezkeen nazionalizazio-proposamenen aurrean; izan ere, eskualde mailak toki bakoitzak ezagutzea eta tokian tokiko premiak zeintzuk diren jakitea eskaintzen du, eta, hori guztia ezinbestekoa da politikak arrakasta izan dezan. Era berean, Europako burokrazia sinplifikatzearen alde argudiatu dute, hain justu ere, funtsen kudeaketarekin lotuta.


Eztabaidan parte hartu duenean, Ander Caballerok problematikaren ikuspegi bat azaldu du, bere kasuan, Euskadiko esperientziatik abiatuta. Ander Caballerok aldarrikatu duenez, Euskadi izan beharko litzateke formalki Europako funtsak kudeatzen dituen agintaritza, adibidez, Frantziako eskualdeen kasuan bezala. Ildo beretik, Euskadik Europako lurralde-lankidetzari garrantzia ematen diola nabarmendu du, baita elkarlan horrek kohesio-politikaren barruan finantzatu ahal izateari ere. Testuinguru horretan, Euroeskualdearen baitan, bai Nafarroarekin, bai Akitaniarekin Euskadik duen mugaz gaindiko lankidetzan sakontzen jarraitu behar dela nabarmendu du, eta, ildo beretik, mugaz gaindiko lanbide-heziketako eta lanerako aukerak gehiago garatu daitezkeela adierazi du. Era berean, Pirinioetako Lan Elkarteak ere berebiziko pisua duela adierazi du, bai eta Arku Atlantikoko lankidetzak ere, zeinak ateak irekitzen baititu, horrela, eskualde-esparrutik haratago doazen gaiekin lotutako proiektu bateratu ugari aurrera eramateko.

Foro honetan parte hartzeari esker, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia Frantziako hainbat eskualdetako presidenteekin elkartu da, eta batzuek eta besteek lankidetzarako ekimenak aztertu dituzte.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)