- Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren txosten baten arabera, iaz Zuzenean zerbitzuak 300.000 pertsona baino gehiago artatu zituen bere bulegoetan
- Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren ezarpenaren bilakaera ere aztertu du, iaz 1.000 zerbitzutik gorako saldoa izan baitzuen, prozedura guztiak digitalizatuta
- Herritarrek Zuzenean zerbitzuari buruz duten gogobetetze maila, oro har, 8,7koa da
Zuzenean, Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako arreta zerbitzuaren eta zerbitzu elektronikoen ezarpenaren inguruan 2023an egindakoa jasotzen duten urteroko jarraipen eta kudeaketa txostenak partekatu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitalen Zuzendaritzaren bitartez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak prestatutako txostenek erakusten dutenez, joan den ekitaldian 845.854 arreta zerbitzu eskaini zitzaizkien herritarrei izapideak, komunikazioak eta dokumentu erregistroak egiteko. Halaber, zerbitzu publikoen katalogoa 1.551ra iristen dela egiaztatu du, eta horietako gehienak (1.051) prozedura guztiak digitalizatuta.
Administrazioarekin harremanetan jartzeko kanalen bidez herritarrei emandako arreta gehienak Zuzenean zerbitzuaren Bilboko, Donostiako eta Gasteizko bulegoen bidez egin ziren, orotara 305.258. Horrek esan nahi du, batez beste, 1.230 arreta presentzial eman dituela egunero. Telefono bidez, berriz, 281.231 arreta eman ziren urte osoan. Ildo beretik, euskadi.eus postontziaren eta Telegramen bidezko arretak 32.475 eta 10.140 izan dira, hurrenez hurren.
Bestalde, erregistro elektroniko orokorrak aukera ematen du eskaerak, idazkiak edo komunikazioak euskarri elektronikoen bidez aurkezteko EAEko Administrazio Publikoaren eremuan. Bide honetatik 26.458 sarrera erregistratu ditu. Erregistroen Interkonexio Sistemak (ESI), berriz, herritarrek Estatuko edozein administraziori zuzendutako 190.292 dokumentu erregistratu ditu.
Txostenek Eusko Jaurlaritzaren herritarren arretarako zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetze maila ere jasotzen dute. Eta zentzu honetan, gogobetetze maila altua agertzen dute oro har, Zuzenean zerbitzuari (hamarretik) 8,7ko balorazio orokorra ematen baitiote. Zerbitzu honek egin beharreko izapideei buruzko informazioa, izapide horiek betetzeko aholkularitza, administrazio prozedurari dagokion dokumentazioa jasotzea; eta herritarrek, enpresek eta Administrazioarekin lotutako erakundeek emandako dokumentazioaren sarrera eta irteera erregistroa eskaintzen ditu.
Halaber, aukera ematen dio erabiltzaileari elektronikoki harremanak izateko zailtasunak dituzten pertsonen ordezkari gisa kudeaketak egiteko gaitutako funtzionario zerbitzu bat eskatzeko.
Zuzenean zerbitzuaz gain, oro har, kanal anitzeko herritarren arretan honako hauek sartzen dira: zerbitzuak eta prozedurak izapidetzeko zerbitzu digitalak; Interneteko presentzia; CAU edo zerbitzu elektronikoen erabiltzaileei arreta emateko zentroa; identifikazio eta sinadura elektronikoko zerbitzuak eta elkarreragingarritasun nodoa; eta datu publikoak irekitzea eta berrerabiltzea (Open Data). Zerbitzu horietan 11.804.699 euroko inbertsioa egin da joan den ekitaldian.
Gobernu Kontseilura bidalitako txostenak zerbitzu hauen jarraipen eta kudeaketa tresna garrantzitsuak dira, betiere herritarrei kalitatezko arreta integrala eta kanal anitzekoa ematen jarraitzeko. Horren guztiaren helburua zerbitzu publiko gero eta errazagoak, eskuragarriagoak eta eraginkorragoak eskaintzea da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)