Eusko Jaurlaritzak zuraren erabilera eraikuntza jasangarriko material gisa bultzatu du EGURTEKen

Argitalpen-data: 


      EGURTEK_16_10_2024_1.jpeg

• Raul Perez Iratxeta sailburuordeak Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren X. edizioa inauguratu du BECen.
• Egurtek erreferentziazko gunea da basogintzaren eta zuraren sektoreko profesionalen ezagutza transferitzeko.
• Zurarekiko interesa areagotu da azken urteetan, eraikuntza-material eraginkor eta jasangarri gisa.

Raul Perez Iratxeta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak EGURTEK Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren hamargarren edizioa inauguratu du gaur goizean BECen.

Eusko Jaurlaritzak foro hau antolatzen du Baskegur, Bilbao Exhibition Centre (BEC), Bizkaiko Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (EHAEO), Euskal Herriko Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (UPV/EHU), Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU), Unibertsitate Eskola Politeknikoa (UPV/EHU) eta HAZI Fundazioak osatzen duten batzorde tekniko aholkulariarekin lankidetzan.

Egurtek-en helburua zuraren sektoreko profesionalentzako gune erreferente bat eskaintzea da, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ahal izateko. Sinergiak aprobetxatzeko eta eraikuntza jasangarriko material gisa zuraren erabilera sustatzeko foroa da, eta faktore erabakigarria da berotegi-efektua eta klima-aldaketa murrizteko.

Inaugurazioan, Perez Iratxeta sailburuordeak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak EGURTEKen bitartez bultzatu nahi dituen hiru ardatzak aipatu ditu: egurraren balio erantsia eta garapen ekonomikoa; ikerketa sustatzea eta ezagutza transferitzea; eta egurraren erabilera produktiboa gizartearen aurrean dauden aplikazioetan.

Zurezko eraikuntza funtsezko garapen-bidea da balio-kate osoari balio erantsia emateko eta sortzeko. Baso-ekoizpenetik hasi eta egurretik eratorritako produktuak eraldatu arte, sektore honek onura ekonomiko, ekologiko eta sozial ugari eskaintzen ditu, eraikuntza jasangarrirako aukera bideragarri eta eraginkor bihurtzen dutenak.

Euskadin, baso-zuraren sektoreak 18.000 lanpostu inguru sortzen ditu, eta horiei zur-produktuak merkaturatzearen ondoriozko zeharkako enpleguak gehitu behar zaizkie.

Perez Iratxetak azpimarratu duenez, "basogintza-sektorearen garapen ekonomiko hori baliabide naturalen erabilera orekatuarekin uztartu behar da, eta erronka horretarako Eusko Jaurlaritza baso-bioekonomiarekin eta zura etorkizuneko material gisa posizionatzearekin lotutako proiektuak bultzatzen ari da".

Azken urteotan, zurarekiko interesa handitu egin da, eraikuntza jasangarriko material gisa. "Karbono-isuriak murrizteko beharrak bultzatuta eta eraikuntza-praktika ekologikoagoak sustatuta, zura materialik egokiena da iraunkortasunaren eta birziklagarritasunaren arloan, eta ekonomia zirkularra sustatzeko motor gisa", gaineratu du sailburuordeak.

Zuraren sektoreko profesionalentzako gune erreferentea

Egurtekek plataforma ona eskaintzen du eraikuntzaren, ingeniaritzaren eta baso-zuraren sektore profesionalak biltzeko eta ezagutza transferitu eta sinergiak bultzatzeko.

Gaurtik urriaren 18ra, ostirala, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren programazioa garatuko da. Bertan, nazioarteko ospe handiko hamar bat hizlarik parte hartuko dute. Halaber, Euskadiko baso-bioekonomia jasangarriaz, zurezko eraikinen akustikaz eta Euskadiko baso-zuraren sektorearen digitalizazioaz hitz egingo da.

Aurtengo edizioan "Eman egurra!!" tailerra ere egingo da, zurak diseinuaren esparruan duen potentziala aztertuko duena eta EIDE Euskal Disenua Euskal Diseinuaren Elkarteak emango duena. Gainera, egurraren sektoreko 63 enpresak parte hartuko dute Egurtekeko Erakusketa Gunean. Bertan, bisitariek irtenbide abangoardistenak eta zurezko eraikuntzako azken joerak ikusi ahal izango dituzte.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)