

Eusko Jaurlaritzak onartutako birgaitze-proiektuaren helburua Donostiako polizia-etxearen irisgarritasuna hobetzea eta eraikina hirigintza-ingurunean hobeto integratzea da, eta eraikin publikoen birgaitzea eta egokitzapen jasangarria sustatzen duen Polizia Azpiegituren Plan Orokorraren barruan kokatzen da.
Proiektua gauzatzeko aurreikusitako gastua 5,7 milioi eurokoa da, bi urtekotan banatuta: 2024 eta 2025.
Proiektuak eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea berritzea aurreikusten du, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta instalazioak langileen eta herritarren egungo beharretara egokitzeko. Eraikinaren kanpoaldean, fatxada, begiratokiak eta leihateak berritzeko asmoa dago, eta perimetroko hesia kentzeko, eta, barrualdean, jendeari arreta emateko eremua, emakumeen aldagelak eta ziegen eremua hobetuko dira.
Ertzain-etxea birgaitzeko obren zutabeetako bat eraikinaren eraginkortasun energetikoa modu integralean bultzatzeko neurriak hartzea da. Eraikinaren estalkian panel fotovoltaikoak instalatzea proiektatzen da, eta horrek gutxienez % 30 murriztuko du energia-kontsumoa; halaber, aire girotuko eta aireztapeneko ekipoak ordeztuko dira eta ur bero sanitarioa sortzeko sisteman aurrera egingo da. Bestalde, argiztapenaren ordez LED teknologia-sistemak jarriko dira, eraginkorragoak eta kontsumo txikiagokoak.
Proiektuaren helburuak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko "Eraikin publikoak birgaitzea bultzatzeko programa" inbertsio-lerroko 2. osagaiarekin osatzen direnez, Next Generation funtsen laguntzarekin finantzatuko da, 3 milioi euroko zenbatekoarekin.