- ISV-Mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren barruan
- Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatuta
- 2023-2027ko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan
- Mahasti-ustiategien lehiakortasuna areagotuko du eta laborea klima-aldaketara egokituko du
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur goizean Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko esku-hartzeei laguntzeko Europako neurriak ezartzen dituenari. Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte mahastiak ardotarako mahatsa ekoizteko erabiltzen dituzten eta plantazioen arloan indarrean dagoen araudia ustiategiko azalera guztietan betetzen duten eta nahitaezko xedapen eta deklarazioak betetzen dituzten gaur egungo edo etorkizuneko mahastizainek.
Berregituratutako edo birmoldatutako azken lursailek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako batean egon behar dute. Ezingo dituzte laguntzak eskuratu Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legeak ezarritako baldintza eragozleren batean daudenek.
Era berean, ezingo dituzte eskatu araudian ezarritako onargarritasun- edo lehenespen-irizpideak betetzeko baldintzak artifizialki sortu dituztela egiaztatuta geratzen direnek ere, ezta ere uraren arloan eskumena duen agintaritzak –Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak edo URA Uraren Euskal Agentziak, kasuan kasuko eremu geografikoaren arabera–, baliabide hori legez kanpo erabiltzeagatik zehapen irmoa ezarri dien eskatzaileek ere, dirulaguntza eskatu duten ureztatze-azaleretarako. Hala ere, pertsona horiek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek lehorreko mahastietarako.
Aginduak ondorioak sortzen dituenetik hilabeteko epean aurkeztuko dira eskabideak, eskatutako dokumentazioarekin batera. Eskatzaileek, laguntzaren eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: eskatzailearen identifikazioa; baldintzak betetzen direla egiaztatzen dituen agiria, hala badagokio; laguntza zein eragiketarako edo eragiketetarako eskatzen den; eragiketa bakoitzak betetzen dituen ezaugarriak; eskabidean jasotako eragiketa bakoitzaren ordainketa zein finantza-ekitalditan eskatuko den; eragiketa bakoitzaren eraginpeko eremua; jabeak emandako baimena.
Eskatutako eragiketak mahasti-lursail bat erauztea badakar, eta laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik egin bada erauzketa, erauzketa-ebazpenak edo emandako landaketa-baimenak beharko dira, bai eta birlandatzeko eskubideen bihurketa-baimenak ere. Hori ez da beharrezkoa dokumentazio hori jada administrazioaren eskuetan badago.
Aurrerakina
Eragiketaren baterako aurrerakina eskatu nahi izanez gero, aurrerakina zein finantza-ekitalditan ordaintzea eskatuko den eta horren zenbatekoa adierazteko eskatuko da. Arrazoi sanitarioengatik edo fitosanitarioengatik nahitaez egindako erauzketen ondorengo birlandaketa-eragiketetarako, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du erauzketa hori agintari eskudunak behartuta egin duela arrazoi sanitarioengatik edo fitosanitarioengatik.
Mahasti-lursaila gutxienez 10 kanpainatan lantzeko konpromisoa eskatuko da, ordainketa eskatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Foru-aldundiek automatikoki egiaztatuko dituzte NANa, IFK eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean daudela ziurtatzen duten agiriak.
Era berean, zuzenean egiaztatuko da ez dagoela zehapen irmorik uraren arloan eskumena duen agintaritzaren aldetik (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa eta URA Uraren Euskal Agentzia, dagokion eremu geografikoaren arabera), baliabide hori legez kanpo erabili izanagatik.
Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira berregituratu edo birmoldatuko den dena delako nekazaritza-ustiategia edo mahasti-lursailak kokatuta dauden lurralde historikoko foru-aldundian; hain zuzen ere, dagokion aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da aginduak eraginak dituen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoari esku-hartze horretarako dagokion diru-zenbatekoa esleitzea onartzen duen Biltzar Sektoriala egin eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Diru-erreserba osoa Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Biltzar Sektorialak izendatutako Europako NBEF funtsetik iritsiko da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)