Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluan. Kontsultarako eta parte hartzeko gunea izango da eta eragile publiko, pribatu eta sozialak bilduko ditu, etxebizitza-politikak diseinatu eta garatzeko.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azaldu duenez, "espazio hau funtsezkoa izango da inplikatutako eragileen arteko ekintzak koordinatzeko eta lankidetzazko lan dinamikak sustatzeko, erantzun eta irtenbide eraginkorretan aurrera egin dezagun”.
Foroa, urtarrilaren 22an, asteazkena, bilduko da lehen aldiz osoko bilkura batean. Saio horretan, lehentasunezko hiru lan-ildo proposatuko dira: 2006ko Lurzoruaren Euskal Legearen ebaluazioa; industrializazioa eraikuntzaren sektorea modernizatzeko bektore gisa, eta berrikuntza lankidetza eta finantzaketa publiko-pribatuko ereduetan.
Foroak sustatuko duen lehenengo neurrietako bat lurzoruen kudeaketa bizkortzeko eta dinamizatzeko ekimenak bilatzea izango da.
Onartutako dekretuaren arabera, Foroak 54 kide izango ditu, Eusko Jaurlaritzaren, udalen, sektore pribatuaren, elkarteen eta herritarren kolektiboen ordezkariak barne.
4.000 plazako Enplegu Publikoaren Eskaintza
Gobernu Kontseiluak 2024ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu du gaur, ia 4.000 lanposturekin. Maria Ubarretxena bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, "3.949 plaza horiekin Jaurlaritzak aurrerapausoa eman du, enplegu publiko egonkorraren, belaunaldi erreleboaren eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde".
EPEk honako plaza hauek aurreikusten ditu:
- 1.046 plaza hezkuntzarako
- 525 plaza Ertzaintzako agenteentzat
- 420 plaza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako
- 23 plaza Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileentzat
- Eta 1.935 plaza EAEko erakunde-administrazioko zuzenbideko erakunde publikoetan eta sektore publikoko erakunde instrumentaletan
Plaza horiek deialdi-publiko bidez beteko dira, eta aipaturiko deialdiak hurrengo hiru urteetan (2025-2027) gauzatuko dira.
Gainera, Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi du, urtea amaitzerako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 3.400 plaza inguru egonkortuta egongo direla jada.
Egonkortze prozesua amaitu ostean, lekualdatze-lehiaketari ekingo zaio eta EPE berriak deituko dira, belaunaldien arteko erreleboa bermatu eta egiturazko bitartekotasun tasa %8tik behera kokatzeko helburuarekin.
17 milioi euro garraio publikoko deskontuetarako
Susana García Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 17,3 milioi euroko dirulaguntza zuzenak baimendu ditu gaur Euskadiko garraio publikoko deskontuak ordaintzeko.
Diru hori foru aldundiei eta udalei laguntzeko erabiliko da, aurtengo garraio publikoaren deskontuak konpentsatzeko.
Bozeramaileak azaldu duenez, Euskadin, 2024an, ehuneko 50eko deskontua izan da garraio publikoan. Estatuak deskontu horren %30 ordaindu du eta beste %20 Jaurlaritzaren eta foru- eta toki-administrazioek hartu dute beren gain.
Guztira – azaldu du Maria Ubarretxenak-, 2022ko irailean deskontuak martxan jarri zirenetik, Eusko Jaurlaritzak 41,7 milioi euro bideratu ditu Euskadiko tokiko operadoreei dirulaguntzak ematera, garraio publikoko deskontuak ordaintzeko.
84 milioi Elkargi abalatzeko
Gobernu Kontseiluak Elkargirekin bi hitzarmen sinatzea onartu du gaur; horien bidez, Jaurlaritzak 80 milioi eurorainoko bermea hartuko du bere gain, erakunde horren maileguak abalatzeko.
Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetan, "hitzarmen horiei esker euskal enpresa txiki eta ertainek finantzaketa izaten jarraitu ahal izatea bermatuko da, beren jarduera baldintza egokietan garatzen jarraitzeko aukera izan dezaten".Erabaki horrek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak, egungo testuinguru ekonomikoan, euskal enpresa-sarearekin duen konpromisoa eta gaurko erabakia, enpresak babesteko Jaurlaritzak abiatutako ekimen eta laguntzen osagarria da.
Mahastiak birmoldatzeko laguntzak
Gobernu Kontseiluak, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko programa bat ere onartu du. Programa hori Europar Batasunak sustatu eta ordaintzen du.
Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, laguntza horiek jaso ahal izango dituzte mahastizainek, baldin eta mahastiak ardogintzarako mahatsa ekoizteko badira eta ustiategiko azalera guztietan landaketei buruz indarrean dagoen araudia betetzen badute. Eta aurrekontuko zuzkidura Nekazaritzako Konferentzia Sektorialak Euskadiri esleitzen dion diru-kopuruaren araberakoa izango da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)