Eusko Jaurlaritzak Busturialdea-Urdaibai eskualdea berraktibatzeko Plan Estrategiko bat egitea onartu du (Gobernu Bilera 2024-2-27)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg
  • Lehentasunezko Jarduera Eremuetarako (LJE) gainerako kasuetan bezala, eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiekin batera hausnartu eta diagnostikoa egin ondoren abiatuko da Plana

Gobernu Kontseiluak gaur Busturialdea-Urdaibai eskualderako erakunde arteko Plan Estrategiko bat aurrera eramatea onartu du, Euskadiko Ekonomia eta Enplegua berraktibatzeko, Berpiztu programaren bitartez, Lehentasunezko Jarduera Eremuetarako (LJE) garatutako ereduaren ildo beretik.

Busturialdea-Urdaibai eskualdeak, orotara, 20 udalerri biltzen ditu, 46.300 biztanle inguru dauzka, eta bertan dago Euskadiko Biosfera Erreserba bakarra. Azken urteetan zehar bizi behar izan ditugun testuinguru desberdinek zailtasunak eragin dituzte, horretaz gain, eskualdeko jarduera baldintza berezi batzuetan garatzen da; horren ondorioz, arriskuan geratu da inguru honetako ekonomia- eta industria-sare bereziak eraldatzeko, enpresa-proiektu berriak aurrera ateratzeko eta lanpostu berriak sortzeko eskualdeak izan lezakeen gaitasuna.

Hortaz, Busturialdea-Urdaibaiko eskualdeak garapen sozioekonomikorako estrategia propioa behar du, betiere bertako errealitatera, biztanleen beharretara, ingurune naturalera eta inguru hau eremu babestu gisa katalogatzearen ondorioz sortu diren baldintza eta aukera berrietara egokituta.

Plan Estrategikoa eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiekin partekatutako gogoeta eta diagnostiko batetik abiatu beharko litzateke. Plan Estrategiko horrek diagnostiko horretan atzematen diren beharrei erantzungo lieke, eta ekonomiaren eta industriaren dinamizazioa eta dibertsifikazioa, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako baliabideen aprobetxamendu jasangarrirako kultura berria, inguruko turismoaren kontrola eta turismoaren ondorioak, ur-saneamendua eta ur-hornidura, mugikortasuna eta azpiegituren sustapena, gizarte-kohesioa, kultur sektorearen dibertsifikazioa, hirien eta ingurumenaren berroneratzea eta gisa horretako alderdiak jaso beharko lituzke.

Lehentasunezko Jarduera Eremuetarako garatutako ereduen ildotik, Plana bost jarduera-eremutan egituratu ahalko da:

  • Jarduera ekonomikoa, prestakuntza eta enplegua
  • Hiri-eraldaketa eta berroneratzea
  • Kultura eta turismo jasangarria
  • Mugikortasuna eta ingurumena
  • Oinarrizko azpiegiturak: hornidura, saneamendua edo lurzoruen leheneratzea

Plana egiteko ikuspegi metodologikoak honako hauek jaso beharko ditu:

  • Eskualdearen erronka estrategiko nagusiei lotutako ikuspegia.
  • Euren baitan ekimen espezifikoak izango dituzten 5 edo 6 proiektu traktore identifikatzea, deskribatzea eta kuantifikatzea.
  • Emaitza-adierazleen panel bat, planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
  • Plana ezartzeko eta bere jarraipena egiteko gobernantza-eredua.

Behin eginda, erakunde arteko Plan Estrategikoa Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, Busturialdea-Urdaibai eskualderako proposatutako eta aurrera eramateko ekimenen jarraipena egin ahal izateko.

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)