- Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan litezke Bizkaiko eta Arabako haizeguneetan, eta eraginik handiena mendebaldean izango dute
- Era berean, haizeguneak ez diren lekuetan abisu horia aktibatuko da, eta haize-boladak 80 km/h-tik gorakoak izan daitezke
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik Bizkaiko eta Arabako haizeguneetan, gaur, asteazkena, urtarrilak 17, 18:00etan hasi eta bihar, osteguna, urtarrilak 18, 09:00ak arte. Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan litezke, eta Bizkaiko kostaldean izan dezakete eraginik handiena. Era berean, denbora-tarte horretan abisu horia aktibatuko da haizeagatik Euskadi osoko haizeguneak ez diren lekuetan, eta haize-boladak 80 km/h-tik gorakoak izan litezke.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, hurbiltzen ari den Irene izeneko borraskak datozen orduotan izango du eragina Euskadin, eta eraginik handiena mendebaldean, bereziki Bizkaia mendebaldean izango du. Borraska horrek hego-mendebaldeko haize zakarra sortuko du, batez ere gaur, asteazkena, urtarrilak 17, 18:00etan hasi eta bihar, osteguna, urtarrilak 18, 09:00ak bitartean.
Ostiraletik aurrera, egoera meteorologikoa aldatu egingo da, eta tenperaturak nabarmen hoztuko dira Euskadi osoan. Egoera horrek eragin dezakeen prezipitazio-kopuruari eta espero den elur-mailari dagokienez, ziurgabetasuna oraindik ere handia da.
BIZTANLERIARENTZAKO GOMENDIOAK
- Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
- Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
- Urrundu erlaitzetatik, hormetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
- Errepidean erne ibili.
UDALENTZAKO GOMENDIOAK
- Erreparatu ondo udalerrian jarrita dauden aldamio, garabi eta obrako beste elementuei, denak ondo tinkatuta daudela ziurtatzeko.
- Tinkatu ondo hiri-altzariak, zabor-ontziak edo istripua eragin dezakeen beste edozer gauza.
- Erreparatu instalazio ez egonkor, eramangarri edo desmuntagarriei (adibidez, karpak), eta tinkatu ondo.
- Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmeten web-orriaren (euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (https://twitter.com/euskalmet) bidez jarraitzea.
Larrialdietarako deitu 112 zenbakira
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)