- Fikziozko, animaziozko eta dokumentalerako proiektuak dira diruz lagunduko direnak
- Jaurlaritzak 100.000 euro handitu ditu euskarazko proiektuak sortzeko laguntzak
Gobernu Kontseiluak gaur 2024eko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako eta edozein euskarritarako film luze, serie edo miniserie proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onartu du. Guztira 500.000 euro izango dira, iaz baino 100.000 euro gehiago, euskaraz sortutako proiektuak sustatzeko: 250.000 euro film luzeak garatzeko eta 250.000 euro serieak eta miniserieak garatzeko.
Diruz lagunduko diren gastuak honakoak izango dira:
- Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.
- Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.
- Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: Material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.
- Marketing- eta banaketa-plana garatzea.
- Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, alojamendua eta akreditazioak.
- Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.
- Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.
- Langile-gastuak.
- Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat.
- Gastu orokorrak.
Film-luzeen garapena
Dirulaguntzetara aurkezteko film luzetzat hartuko da “ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta 60 minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena”.
Laguntzen zenbatekoa ez da 25.000 eurotik gorakoa izango fikzio eta dokumentalen kasuan, eta 35.000 eurotik gorakoa euskarazko proiektuen kasuan. Animazio-proiektuei dagokionez, 40.000 eurokoa izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, eta 50.000 eurokoa euskarazkoentzat.
Serieen garapena
Gaur onartutako dirulaguntzekin fikziozko, animaziozko eta dokumental serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da. Horretarako serietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira, gutxienez, 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion hiru kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzen direnak”.
Bestalde, miniserietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez bi kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine-aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu beharko dira”.
Aurkezten diren fikziozko edo dokumentaleko telesail edo miniseriek 35.000 euroko dirulaguntza jasoko dute gehienez, 45.000 euro euskaraz egindakoentzat. Animaziozko telesail eta miniserien kasuan, gehienezko laguntza 45.000 eurokoa izango da, eta 55.000 eurokoa euskarazko proiektuetan.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da martxoaren 25etik apirilaren 25era..
Iazko deialdiaren bidez (2023), 12 film luze lagundu ziren diruz, horien artean, "Lamiak", "Hemen nago", "Errautsak-popel" edo "Cicatriz"; eta 5 serie, "Ezkiko elezaharrak", "Egia" edo "Luces rojas".
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)