- Laguntza horien helburua da Euskadin irabazi asmorik gabeko elkarteek jokoaren eta adikzioen arriskuei buruzko ezagutza bultzatzeko egiten duten lana erraztea
Eusko Jaurlaritzak beste laguntza-sorta bat eman die hezkuntza-kanpainen eta sentsibilizazio-proiektuen bidez Euskadin joko patologikoaren arriskuen berri ematen duten eta horien prebentzioa sustatzen duten irabazi asmorik gabeko 11 elkarteri. Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak guztira 100.000 euro bideratuko ditu joko kontzientea eta osasungarria sustatzen duten proiektu horietara:
- ASAJER (Errehabilitazioan diren Arabako Jokalarien Elkartea): “Egizu zure osasunaren alde” prebentzio-programarekin jarraitzeko. Programaren helburua da biztanleria ludopatiaren inguruan sentsibilizatzea ikuspegi sanitariotik, psikologikotik eta emozionaletik.
- FEDEAFES (Buru Osasuna Euskadi Federazioa): osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei zuzendutako joko patologikoa prebenitzeko programak sustatzeko, sare sozialen, podcasten eta newsletter-en bidez.
- KIRIBIL SAREA, joko patologikoaren arriskuei eta substantziarik gabeko adikzioei buruzko informazioa ematen duten eta haurrei eta nerabeei zuzenduta dauden “Jokoan sartuko zara?” tailerrak abian jartzeko, bizitzeko eta kontsumitzeko era osasuntsua bultzatzeko helburuarekin.
- ETORKINTZA Fundazioa, 15 urtetik 23 urtera bitarteko nerabe eta gazteak ausazko jokoekin eta kirol-apustuekin lotuta egon daitezkeen arriskuez sentsibilizatzeko eta arriskuak azaltzeko eta murrizteko lantegiei jarraipena emateko. Lantegiok euren erreferentziako espazioetan garatzen dira: ikastetxeetan, gazteguneetan, gazte-lokaletan eta abarretan.
- IZAN Fundazioa, ludopatiari eta herritarren artean ausazko jokoen abusuak dakartzan arriskuei buruzko prebentzio- eta kontzientziazio-proiektuak bultzatzeko, bai eta profesionalei zuzendutako tresna berriak sustatzeko ere, arriskuan dauden pertsonen kasuak detektatzen ikas dezaten.
- GIZAKIA Fundazioa, gazteen artean arazoak sortzen dituen jokoari, kirol-apustuei eta informazio-teknologien erabilerari eta horien arriskuei buruzko sentsibilizatzeko erronka (¿Te la juegas?) abian jartzeko.
- ADSIS Fundazioa, nerabeen eta gazteen teknoadikzioa goiz detektatzeko eta horren prebentziorako “Lotura” proiektuarekin jarraitzeko.
- SUSTERRA Elkartea, jokoaren erabilerari eta abusuari buruzko informazioa jasoko duten gazteei eta adin nagusikoei zuzendutako “Txanponaren beste aldean” programarekin jarraitzeko.
- IKT Eskola eta Pantallas Amigas (Teknologien erabilera osasuntsua sustatzeko elkartea), adin txikikoen kargura dauden pertsona helduentzako gida bat garatzeko eta eguneratzeko, bideojokoen erabilerari eta abusuari buruzko eta horien esanahiari buruzko hezkuntza-laguntzako tresna bat emateko helburuarekin, horien negozio-eredua erreferentziatzat hartuta.
- AGIPAD (Drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako Gipuzkoako elkartea), prebentzio unibertsaleko programa hezitzaile bat abian jartzeko, eskola-sistemaren bidez kontsumo-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin, hasteko adina atzeratzeko eta adingabeetan jokoaren intzidentzia murrizteko.
- BITAR-BASK (Euskadiko Bitartekaritza Elkartea), joko patologikoa prebenitzeko tailerrak egiteko familiei eta gazteei zuzenduta, adimen emozionalean, autoestimuan eta gizarte-trebetasunetan oinarrituta, bai eta senideak gaitzeko ere arrisku-egoerak identifikatu ahal izan ditzaten.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)