Eusko Jaurlaritzak 1,7 milioi euro bideratuko ditu gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzea helburu duen "Euskalgintza" deialdira (Gobernu Bilera 2024-4-16)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2024an burutuko dituzten egitasmoen dirulaguntza deialdia, Euskalgintza deialdia bezala ezagutzen dena. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 1.704.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.

Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak:

  • A multzoa (650.000 euro): Euskararen erabilera eremu ez-formaletan
    • A1 (300.000 euro): Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko esparru ez formaleko egitasmoak, bereziki nerabe eta gazteen aisialdiko gune monitorizatuetan (kirolean, kulturan eta aisialdi taldeetan) antolatzen direnak.
    • A2 (75.000 euro): Aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza (batik bat, haur eta gazte taldeetan euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiak edota gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko esku-hartzeak).
    • A3 (125.000 euro): Kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza.
    • A4 (150.000 euro): Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak. Lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, betiere, curriculum esparrutik eta gelatik kanpo.
  • B multzoa (125.000 euro): Euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak (telp, eusle, ulerrizketak, euskaraldia,…), ekintzak eta jarduerak.
  • C multzoa (50.000 euro): Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
  • D multzoa (754.000 euro): Euskararen presentzia ingurune digitalean
    • D1 (150.000 euro): Teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak: bideo-tutorialak, irudi biziak, youtuberrak, influenzerrak, erronkak, lehiaketak, blogak, podcastak,… biltzen dituzten ekimenak.
    • D2 (54.000 euro): Euskarazko atari digitalak. Interneten zerbitzuak euskaraz soilik eskaintzen dituzten web-gune ez komertzialak.
    • D3 (400.000 euro): Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten web-gune tematiko ez komertzialak.
  • D4 (150.000 euro): Teknologia berrietan oinarrituta eta euskara hutsean jarduten duten hedabideen artean sortutako ikusentzunezko egitasmoak (gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
  • E multzoa (35.000 euro): Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
  • F multzoa (40.000 euro): Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.
  • G multzoa (50.000 euro): Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.

Interesa dutenek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epea izango dute beraien eskaerak eta proiektuak aurkezteko. 

2023ko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko 188 proiektu lagundu zituen.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)