- EAEn 479 fundazio aktibo daude 2023ko amaieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren txosten baten arabera
- Euskadiko fundazioen sektorea gizarteari finantzazio publikoko euro bakoitzeko 2,71 euro itzultzeko gai da merkatu eragiketen bidez
- Fundazioen diru sarrera publikoen erdia baino gehiago Eusko Jaurlaritzatik dator
- Euskal fundazioek 7.500 milioi eurotik gorako ondare garbia dute, eta 1.100 milioi euro baino gehiago bideratzen dituzte fundazio helburuetara
- Balio erantsiko 896 milioi euro inguru sortzen dituzte
Euskadiko Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak 479 fundazio aktibo erroldatu ditu bere erregistroetan. Irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, eta hainbat arlotan jarduten dute, hala nola hezkuntzan, egoitzetan eta gizarte zerbitzuetan, garapenerako lankidetzan, kultura eta museoetan, teknologietan eta ikerketan... Horiek guztiek inpaktu sozial eta ekonomiko handia sortzen dute, eta oso modu desberdinean sortzen dute balioa: izan fundazio-museo bat bisitatzen duen pertsona bati, dela desgaitasuna duten pertsonen lan aukeraren bidez, dela administrazioetan aurrezteagatik droga-mendekoak birgizarteratzeagatik, adibide batzuk aipatzearren.
Euskadin, fundazioak Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1,04 dira, eta 15.000 pertsona baino gehiagori ematen diete zuzeneko lana. Hala islatzen du Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak egindako azterlan batek, zeinak erakunde horien eragina aztertzen duen. Gobernu Kontseiluan ikusi den txostenak kontuak aurkeztu dituzten fundazioen egitura, ezaugarriak eta jarduerarekin lotutako datuak jasotzen ditu, eta adierazten du euskal fundazioek balio erantsiko 896 milioi euro baino gehiago sortzen lagundu zutela 2022an.
Eragin ekonomikoa
Merkatuko balioa eta enplegua sortzeari dagokionez, fundazioek eragin handia dute euskal ekonomian. 7.500 milioi eurotik gorako ondare garbia dute eta 2022ko ekitaldian 1.100 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte fundazio-helburuetara. Xede horietara bideratutako per capita gastua 503 eurokoa da, eta sektorea gai da gizarteari itzultzeko, merkatuko eragiketen bidez, 2,71 euro finantzaketa publikoko euro bakoitzeko.
Fundazioek 1.447 milioi euroko diru sarrerak sortu dituzte, %57 finantzaketa pribatutik eta gainerako jatorri publikotik. Termino nominaletan, inoizko diru sarrera kopururik onena da hori. Fundazioen finantzaketa pribatua diru sarrera finantzarioetatik, herentzietatik, dohaintza pribatuetatik, erabiltzaileen kuotetatik eta zerbitzuak emateagatik edo produktuak saltzeagatik dator. Bestalde, dirulaguntza publikoek interes orokorreko helburuetarako balio behar dute, eta, horregatik, administrazio publikoek laguntzak ematen dizkiete fundazioek hainbat arlotan egiten dituzten zerbitzuei, hala nola zaharren egoitzetan, ikerkuntzan, museoetan eta kultura ondarean.
Fundazio gehienak mikroentitateak dira eta 300.000 eurotik beherako urteko gastua dute guztira. Hauek fundazioen ia erdia dira eta, aitzitik, handiak edo oso handiak (5 eta 25 milioi euro bitarteko urteko gastu aurrekontua dutenak), %11 dira. Erakunde horien batez besteko antzinatasuna 25 urtekoa da, eta adinekoen egoitzen arlokoak dira dedikazio urte gehien metatzen dituztenak, horietako asko 50 urtetik gora.
Gizarte eragina
Eragin ekonomikoaz harago, txostenak fundazioek euskal gizarteari ematen dioten balio sozialean ere jartzen du arreta. Ildo horretan, erakunde horien kudeaketan eta lanean inplikatutako pertsonen dimentsioa nabarmentzen da elkartasunaren ageriko adierazpen gisa, bai eta interes orokorraren onerako izango diren ekintzak abian jartzeko funtsezko eginkizuna ere.
Hamar fundazioetatik seik ordaindutako langileak dituzte kontratatuta, eta helburu teknologikoekin lotutakoak dira langileen kontratazio-ehuneko handiena dutenak.
Fundazioetako ordaindutako langileen %56 emakumeak dira (%87 adinekoen egoitzen arloan), eta hori 2022an lan testuinguruan, zeinean Euskadiko Autonomia Erkidegoan lanean zeuden pertsonen artean %48 emakumeak ziren.
Irabazi asmorik gabeko erakunde horietan oso garrantzitsua da boluntarioen lana, horiek gabe ezingo bailirateke helburuak bete, batez ere ordaindutako langilerik ez duten fundazioetan. Fundazioen hamarretik ia lauk boluntarioak dituzte, hau da, 5.000 baino zertxobait gehiago.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)