- 'Hiria ikusgai / Hiria jokoan' estatuko eta nazioarteko 14 proiektuk osatzen dute, diseinu grafikotik edo argazkigintzara hasi eta eskultura zein instalazio interaktibo murgiltzaileetaraino.
- Komisarioak Luca Carrubba eta Eurídice Cabañes dira, Ars Games-eko zuzendarikideak. Erakusketa urriaren 24tik 2025eko otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai eta Madrilgo CentroCentrotik ibiltaritzan dator.
- Urriaren 25ean, ostirala, errealitate areagotuari buruzko tailer bat egingo da arratsaldez, eta beste hainbat tailer nahiz jarduera antolatuko dira erakusketa amaitu artean.
Euskadiko Arkitektura Institutuak 2024ko laugarren erakusketa aurkeztu du: ‘Hiria ikusgai / Hiria jokoan’. 2025eko otsailaren 9ra arte ikusgai egongo den erakusketa honek bideojokoek hiria eraikitzeko dituzten modu desberdinak jorratzen ditu, hiria osatzen duten ertz desberdinetatik duten harremana problematizatuz eta zalantzan jarriz.
‘Hiria ikusgai / Hiria jokoan’ Madrilgo CentroCentrotik dator. 2024ko apirilean egin zen aurrenekoz erakusketa, eta Ars Games kolektiboko zuzendarikideak diren Luca Carrubba eta Eurídice Cabañes dira komisarioak. Madrilgo kolektibo honek hamarkada bat baino gehiago darama teknologiaren bitartez gizarte-eraldatzen sustatzen, artea, pedagogia, filosofia eta ekintza politikoa uztartuz.
Aurkezpenean izan dira Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria; Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza eta Kirol diputatua; Jose Angel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria eta erakusketako komisarioak diren Luca Carrubba eta Euridice Cabañes.
Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak nabarmendu duenez, "guztiok dakigu teknologiek pentsatzeko eta arkitektura proiektatzeko moduan eragina izan dutela historian zehar". Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azaldu duenez, "garai bakoitzak bere teknika eta arkitektura ditu, baita etapa bakoitzean amestutako etorkizuneko hiriak eta etxebizitzak irudikatzeko ere". Garcia Astrainen hitzetan, "erakusketa honetan teknologia digitalak hiriarekin eta etxearekin duen harremana ikertzen da", eta gaineratu du, "bai analisirako, bai proiekturako, bideojokoaren bidez, fikzio gisa eta jendea bizi den espazioaren eraikuntza imajinatu edo ez".
José Ángel Medina Arkitektura Institutuko zuzendariak azaldu duenez, "Euskadiko Arkitektura Institutuak erakusketa honen bidez azpimarratu nahi du arkitekturari eta hiriari buruz edozein diziplinatan hausnartu eta proposamenak egin daitezkeela, arkitekturak eraikitako espazio fisiko eta birtualeko biztanle guztioi zuzenean eragiten baitigu. Erakusketa honen bidez, Institutua topagune ireki gisa aurkezten da, publiko anitzagoei gure komunitatearen parte izateko gonbitea luzatuz".
Luca Carrubba eta Eurídice Cabañes erakusketaren komisarioek azaldu dutenez, "Hiria ikusgai / Hiria jokoan" pieza originalez eta museografiaren bitartez industria horrekin lotutako proiektuei esanahi berria emateko erabiltzen duten instalazioez osatua dago.
Guztira, 3 serigrafia original, 13 in-game argazki (bideojokoen argazkigintzaren artea), datu grafikoen 2 bistaratze, script informatiko bat, formatu handiko maketa bat, plano ugari, ikus-entzunezko 6 pieza, 4 instalazio eta errealitate birtualeko esperientzia bat erakusten dira.
14 begirada horiek ikuspegi kritiko bat partekatu nahi dute bisitariekin, bideojokoari buruzko ikuspegia kontsumo-objektu hutsetik harago zabaltzeko eta luduek, jokoak, hiriaren inguruko sorkuntzarako eta hausnarketa kolektiborako espazio gisa duten funtzio eraldatzailea azpimarratzeko. Erakusketa zeharkako lau ardatz tematikotan egituratzen da: Jolas espazioen arkitektura, Game Tourist, Gobernantza ludikoa eta Ludiktadurak.
"Jolasguneen arkitektura" lanean, jolasguneek eta haien teknologiek arkitekturari eta gizartean betetzen duten rolari buruz nola irakats diezaguketen agertzen da. Horren adibide da Santiago Bustamanteren "Hiriak eta bideojokoak: hirigintza interaktibo baterantz" dokumentala, bideojokoak nola erreproduzitzen eta espazio berriak diseinatzen dituen aztertzen duena, materialaren eta birtualaren arteko zubi batean: hiri interaktiboak, lankidetzakoak, irudikatuak.
"Game Tourist" eko piezak, aldiz, bideojokoak eraikitzen dituzten mundu birtualetara hurbiltzen gaitu, zeinak irudikaturiko espazioak esploratzea eta zeharkatzea ahalbidetzen duten, baita gure etxetik dauden tokiak elkarreragitea eta esploratzea ere, espazioarekin erlazionatzeko modu berriak ahalbidetuz. Elise Aubisse eta Leo Sang bezalako artisten In-game argazkien bidez, bisitariek bideojokoetan dauden mundu birtualen sakontasuna ikusi ahal izango dute. Pieza horiek agerian uzten dute natura, gizartea eta arkitektura historian zehar argazkigintzan inspirazio-iturri izan diren bezala, orain mundu birtualak ere arterako erreferente berri gisa eratzen direla.
Gobernantza ludikoaren ardatzean, bideojokoek hiriei buruzko erabaki bateratuak hartzeko espazioak izateko duten potentziala jorratzen du, espazio iraunkorragoak, ekologikoagoak eta inklusiboagoak sortzen saiatuz. Ardatz honetan, Block 'Hood pieza nabarmentzen da. Bideojoko horretan, fisiko samarrak diren arauen arabera, komunitatearentzako espazio bizigarriak eratzea eta eraikitzea proposatzen zaio bisitariari, oreka energetikoa, eraikitzailea eta soziala saritzeko. Azken aldian, horrelako jokoek hiri birtualen eraikuntzarekin esperimentatzera bultzatu dituzte diseinatzaileak, bizitza errealean ondoriorik eragiteko beldurrik gabe. Era berean, sorkuntza horiek mundu errealaren diseinuei buruzko ikuspegi berriak iradoki dituzte.
Azkenik, Ludiktadura osatzen duten pieza artistikoen bidez, gure jokabidea sotilki manipulatzen duten eta hiriarekin eta biztanleekin bizitzeko, ibiltzeko eta elkarreragiteko moduak bitarteko dituzten dinamika ludikoen inposizioa nola eratzen den planteatzen da. Instalazioek gai hauek jorratzen dituzte: nork diseinatzen ditu gure hiriak? Nola taxutzen dira hiria bizitzeko eta norbere egiteko moduak?
Atal honetan Agustina Isidori artistaren Sola bideojokoa dago ikusgai, emakume askok gauez hirian bakarrik ibiltzean bizi duten errealitatea lehen pertsonan sentiaraziko digun pieza zirraragarria. Hirigunea bere diseinuaren arabera eremu oldarkorra bihurtu daitekela erakusten diguna. Modu horretan, pieza honek bideojokoak beste kolektibo edo pertsona batzuek pairatzen dituzten problematika zehatzekin enpatizatzeko duen ahalmena erakusten du.
Horrekin batera, Hyper-Reality lana dator, etorkizun distopiko izugarri saturatu eta komertzialista baten aurrean jartzen gaituen lana. Lan honekin, Keiichi Matsuda diseinatzaile eta zinemagileak honako galderak egitera gonbidatzen gaitu: "Zenbat jokatzen duzu egunero konturatu gabe? Nork erabakitzen du nola ibili hiritik, Googlek, Wazek? Nondik ibili behar dugun agintzen diguten konpainia handien algoritmoen avatar hutsak gara?”
Gazteentzako tailerrak, bisitak eta eztabaida guneak
"Hiria ikusgai / Hiria jokoan" 2025eko otsailera arte egongo da zabalik, eta bitarte horretan hainbat jarduera antolatuko dira, erakusketako aretoetatik hausnarketak sortarazteko. Hainbat eztabaida eta topaketa izango dira erakusketak jorratzen dituen gaiei buruzko adituen eskutik.Beste erakusketa batzuetan bezala, erakusketa honekin batera doan alderdi didaktikoa Maushausek garatu du, Euskadiko Arkitektura Institutuan hezkuntza sailaren ardura duen kolektiboak. Berrikuntza gisa, ostiraletan Euskadiko Arkitektura Institutuak gazteei eta helduei (16 urtetik gorakoei) zuzendutako tailerrak eskainiko ditu.
Lantegi horietako lehena, ‘Errealitate areagotua’, urriaren 25ean, ostiralean 18:00etan izango da, eta teknologia hori marrazkiaren bidez modu analogikoan birsortzea proposatzen du. Ostiraletako tailer hauek erakusketaren esparruko profesionalekin batera diseinatu dira eta urriaren 26an, azaroaren 22an, urtarrilaren 24an eta otsailaren 7an izango dira.
Horrez gain, familiei zuzendutako tailerrak eskainiko dira larunbat goizetan, azaroaren 16an eta 30ean, abenduaren 14an, 27an eta 28an eta urtarrilaren 11ean, eta erakusketara bisita gidatuak zein eskola bisitak eskainiko dira, hala eskatuz gero, edu@eai.eus helbide elektronikora idatziz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)