Euskadik boluntariotzaren premiei erantzungo die SKVL sortuta

Argitalpen-data: 

  • Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak hezkuntza-eredu berritzaile bat jarri du abian, 360º eskola gisa aurkezten dena, elkarteen errealitatearekin loturak ezartzeko

Vitoria-Gasteiz, 2024/10/03

Euskadiko boluntariotzak beste urrats bat eman du bere konpromiso soziala sendotzeko, SKVL Boluntariotzako Eskola sortzearen bidez, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak bultzatu du ekimena, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako boluntariotza-agentziek kudeatuko dute. Hezkuntza-eredu berritzaile hori 360º eskola gisa aurkezten da, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) elkarteen errealitateari lotua eta lurraldeko boluntarioen beharrei erantzuteko diseinatua.

Eskolaren oinarrian dauden printzipioak elkar-sorkuntza, prestakuntza eta baliabideak sortzea dira, bai eta boluntariotzan aritzen diren pertsonak elkartzea eta horiei aitorpena egitea ere.  Bere helburua boluntarioen, elkarteen eta gizarte-ekintzako eragileen behar espezifikoei erantzuteko prestakuntza- eta trebakuntza-prozesuak garatzea da.

Eskolak ekintza boluntarioak garatzeko eta hobetzeko material eta baliabideak sortzeaz gain, boluntariotzarentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnarketa eta eztabaida sustatzeko elkar-sorkuntzarako eta berrikuntzarako laborategiak eta topaguneak sustatuko ditu. Aldi berean, jolas- eta aisialdi-jarduerak antolatuko dira, boluntarioen eta horiei babesa ematen dieten erakundeen lan baliotsua ikusarazteko eta aitortza egiteko.

Gaikuntza digitala sustatzea

Gune horretatik landuko diren erronken artean, boluntariotza digitalizatzea eta komunikatzea dago, bere ikusgaitasuna areagotzeko eta erakundeen eta boluntarioen gaikuntza digitala sustatzeko.  

Era berean, egungo boluntarioen babesa eta ongizatea bermatuko dira, parte hartzeko modu berriak aztertuko dira eta boluntario berriak erakarriko dira.  Halaber, belaunaldien arteko erreleboa eta lidergo berrien agerpena sustatuko dira, Euskadin boluntariotzarentzat etorkizun sendoa eta konprometitua ziurtatzeko.

SKVL Boluntariotzako Eskola sortuz, Euskadin ekintza solidariorako agertoki berri bat ezartzen da, ikaskuntzarako, lankidetzarako eta berrikuntzarako ingurune egoki bat erraztuz. Gune horrek boluntarioen konpromiso soziala sendotzeaz gain, inplikatutako erakundeen inpaktua ere indartuko du, parte-hartze aktiboaren kultura eta boluntariotzak euskal gizartean duen balioaren aitorpen berritua sustatuz.

Boluntariotzaren Euskal Kontseiluari buruz

Boluntariotzaren Euskal Kontseilua Euskadiko boluntariotzaren arloko topaketako, aholkularitzako eta kontsultarako organoa da. Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen bidez sortu zen, gizartea eta erakundeak elkartasun-politiketan inplikatzeko helburuarekin.  

Bere lanaren bitartez, parte-hartze aktiboa eta gizarte-konpromisoa sustatzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekintzaren eremua osatzen duten boluntarioen, elkarteen eta eragileen arteko elkarrizketarako gune bat eskainiz.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)