Euskadi Lagunkoiak Gipuzkoako Lurralde Batzordea ospatu du

Argitalpen-data: 

Euskadi Lagunkoiak Gipuzkoako Lurralde Batzordea ospatu du gaur goizean Azkoitian. Elkargunean bildu dira lurraldeko talde sustatzaileak, datorren urtera begirako erronkak definitzeko.

Ekitaldiari hasiera emateko Marian Urretxuren legatua ikusi dute. Herri txikietan lagunkoitasuna, berdintasuna eta elkarlaguntasuna sustatzeko gakoak azaltzen dituena. 

Bideoa ikusi

Eusko Jaurlaritzako ordezkari Itziar de la Peñak egin du ekitaldiaren irekiera, Ana Azkoitia alkateak harrera egin ostean, egiten duten lana eskertzeko asmoz. “Gaur egun, -esan du- zaila da geuretik atera, eta besteei denbora eta indarrak eskaintzea, eta zentzu horretan, Lagunkoia ekintza komunitarioaren eredu da. Elkartasuna da Euskadi Lagunkoiaren ezaugarri nagusia, eta egitasmo honen bidez, elkartasuna hitzetatik ekintzetara eramatea lortzen da”. Alkatearen hitzetan, txalotzekoa da Lagunkoia sarera atxikita dauden herriek eta talde eragileek egiten duten ekarpena. Azkoitia Lagunkoiaren kasuan, berriki jaso du praktika onen saria Pasira egitasmoa tarteko. Finean, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko egiten du lan Lagunkoiak.

Jarraian, bertaratu diren herrietako ordezkariek 2025eko erronka hautatzeko 4 proposamenei buruz eztabaidatu dute eta behin gai bakoitzari eman beharreko puntuak adostu ostean, bozkaketari ekin diote. Abenduaren 2an Bilbon ospatu zen Bizkaiko Batzordean jasotako emaitzei gehitzen zaizkie honakoak. Arabakoak ezagutu orduko, datorren urteko erronka zein den ezagutuko da.