Entzumen-desgaitasuna duten pertsonen hezkuntza-arreta bultzatzea (Gobernu Bilera 2024-12-17)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg

Eusko Jaurlaritzak zuzeneko dirulaguntza onartu die CPEIPS Calasanz HLBHIP eta CPEIP San Frantzisko Xabier-Arizmendi Ikastola HLBHIP itunpeko ikastetxeei, ikasturte honetan komunikazio-bitartekariak edo zeinu-hizkuntzako interpreteak kontratatzeko.

Hezkuntza-sistema inklusiboaren testuinguruan, Hezkuntza Sailak erantzuna ematen die 21 urte arteko ikasle guztien hezkuntza-premia bereziei. Hortaz, komunikazio-bitartekarien edo zeinu-hizkuntzako interpreteen beharra erregistratu da, itunpeko ikastetxeetan (CPEIPS Calasanz HLBHIP eta CPEIPS San Frantzisko Xabier-Arizmendi ikastola HLBHIP) matrikulatutako entzumen-desgaitasuna duten ikasleei arreta emateko; 54.776,44 euro bideratuko dira guztira.

Hezkuntza-arreta bermatua 

Gobernu Kontseiluak onartutako erabaki zehatz horretatik harago, Eusko Jaurlaritzak ikasle guztiak Euskadiko ikastetxeetan sartzearen aldeko apustua egiten du. Eskola-eremuan entzumen-zailtasunak dituzten pertsonei ematen zaien arretaren kasuan, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek hezkuntza-arreta bermatuta dute. Abian da 60 profesional baino gehiago komunikazio-bitartekaritzan trebatzeko plana, eta prestatuta egongo dira datorren ikasturterako.

Profesional horiek gaitasuna izango dute komunikazio-bitartekotzako esku-hartzeak garatzeko gorrei, gor-itsuei eta entzumen-desgaitasuna dutenei, baldin eta Espainiako zeinu-hizkuntza erabiltzen badute, edo komunikatzeko eta hizkuntza mintzatzeko zailtasunak badituzte.

Hezkuntza Saila lanean ari da ikasle bakoitzari bere garapen osoa bermatzeko behar dituen baliabideak emate aldera. Entzumen-zailtasunen esparruan, eskola-eremuko helburua bikoitza da. Alde batetik, hezkuntzako esku-hartzeen helburua da hipoakusia edo gorreria duten ikasleak maila guztietan hezkuntza-komunitateko kide guztiekin komunikatzea eragozten edo mugatzen duten oztopoak gainditzea. Bestetik, ikastetxean arlo guztietan erabat integratzen lagunduko duten esku-hartzeak garatzea, gizarte-arloari eta partaidetza integralari arreta berezia eskainiz.

Gaur egun, 500 ikaslek baino gehiagok dute entzumen-zailtasunen bat. Kasu bakoitza zehatz-mehatz aztertzen da, esku-hartzerik egokienak proposatuz eta haur bakoitzak eskatzen duenera hobekien egokitzen den lanbide-profila definituz. Ikastetxeek honako hauek izan ditzakete: entzumenean eta hizkuntzan adituak diren irakasleak, pedagogia terapeutikoko irakasleak, hezkuntza-laguntzako espezialistak, komunikazio-bitartekotzako edo zeinu-hizkuntzaren interpretazioko profesionalak. Kasu bakoitzaren beharren arabera, aipatutako lanbide-profiletako pertsona batek edo gehiagok esku har dezake.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)