Elgoibarko Udalak, Elgoibar Lagunkoia ekimenarekin jarraituko duela eta konpromisoa indartuko duela iragarri du.
Deialdi honen bitartez, udalak herritarren ongizatearekin duen konpromisoa berresten du, erakundeen arteko lankidetza eta herritarren parte-hartzea sustatuz. Gainera, Elgoibar Lagunkoia ezagutzera eta etengabeko hobekuntza-prozesu honetan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Elgoibar Lagunkoia proiektuaren hastapena
Elgoibar Lagunkoia proiektua 2018ko urrian atxiki zitzaion Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako Euskadi Lagunkoia Sareari. Lehenengo urratsa diagnosia egitea izan zen, eta horretarako, guztira 647 inkesta egin ziren hainbat eragileren lankidetzari esker, hala nola komunitateko ordezkarien, pertsona nagusien zaintzan inplikatutako erakundeen eta talde demografiko horrekin gertuko harremanak dituzten pertsonen lankidetzari esker. Ondoren, ebaluazio-plan bat eta hainbat ekintza aurkeztu ziren, Elgoibar leku irisgarriagoa, seguruagoa eta adin guztietako beharretara egokituagoa izateko.
Egindako ekintzen artean nabarmentzekoak dira prozesu horretatik jasotako proposamenen ondorio izan ziren parkeetan barandak egokitzea, entzumen-arazoak dituzten pertsonentzako Herriko Antzokian begizta magnetiko bat jartzea, pertsona nagusiei zuzendutako Interneten erabilerari buruzko prestakuntzak, ibilgailuen abiadura mugatzea, ispiluak kurba itxietan estrategikoki kokatzea eta abar.
Halaber, talde eragileko kideek egindako lanen eta lideratutako jardunen artean, honako ekintzak azpimarratzen dira:
- Heriotzari buruzko ekintzak.
- ‘Establezimendu Lagunkoia’ ekimena.
- Elgoibar Lagunkoiak burututako tratamendu medikuetarako eta produktu farmakologikoetarako dirulaguntzei buruzko informazio-kanpaina.
- Elgoibar Lagunkoiak burututako ‘Zure txakurra, zure ardura’ kanpaina, herritar eta txakurren arteko bizikidetzan sakontzeko.
- Piktogramak margotzea oinezkoen pasabideetan, autismoa zein narriadura kognitiboa duten pertsonen autonomia sustatzeko.
Proiektuaren hurrengo urratsak
2024ko Udalaren helburua Elgoibar Lagunkoia herri mailan berriro ezagutaraztea eta hainbat elkarte eta herritar independenteren ordezkariekin talde anitz berri bat osatzea da. Parte hartu nahi duten herritarrak izena eman beharko dute Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), otsailaren 20ra arte. Izena eman duten herritar guztiei bakarkako elkarrizketa egingo zaie, bakoitzaren espektatibak eta interesak ezagutzeko. Elkarrizketak, otsailaren 22an eta 27an egingo dira Jubilatuen Biltokiko Bilera Gelan. Prozesu honen ostean, talde eragilea osatuko da, gehienez 20 pertsonekin. Talde eragilea hilabetean behin bilduko da, udalerrian hobetu nahi diren gai espezifikoei buruz hiz egiteko.
Urrats hauek emateko, udal teknikariarekin batera, Bizipozen laguntza izango dute, bilera horiek dinamizatuko bait dituzte, komunitate inklusiboagoa eta lagunkoiagoa sendotzen jarraitzeko. Bizipoz pertsona nagusientzako programak diseinatu eta garatzen dituen kooperatiba da, ongizatea eta zahartze aktiboa sustatuz.
Informazio gehiagorako, jarri harremanetan
Elgoibar Lagunkoiari buruzko informazio gehiago lortzeko eta ekimenetan parte hartzeko, interesatuak Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daitezke, 943.74.10.50 telefonoan, arreta@elgoibar.eus helbide elektronikoaren bidez.