- Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago
- Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoa da
- Euskadiko laugarrena da, eta gizarte-eragileak, arrantzakoak, kofradiak eta merkaturatzaileak biltzen ditu
- Mutriku, Ondarroa, Getaria eta Elantxobekoen ondoren, Ea, Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentziakoaren txanda izango da
Elantxobe, 2024 11 29
Elantxoben gaur goizean eratu da Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren Portuko Udal Kontseilua, Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean zehaztu zuen bezala. Eusko Jaurlaritzak joan den irailean onartu zuen Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabiltzen dituen eskumenen esparruan.
Portu batek hartzen duen espazio fisikoa hori kokatuta dagoen udalerriaren zati da, eta lotura estua du kokatuta dagoen lekuko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Bertan arlo ezberdinetako gizarte-eragileak elkartzen dira. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza, Akuikultura eta Itsasertzeko zuzendariaren arabera, “Elantxobeko Portuko Udal Kontseilu berria portua, portuko instalazioak eta bertako ur-lamina erabiltzen duten administrazioen eta tokiko agenteen arteko topagunea izango da”.
Elantxobeko Portuko Kontseilu berria eratzeko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Koldobika Goitia eta Edurne Egaña eta Patxi Egurrola alkatea izan dira. Foro horretan hartzen diren erabakiak ez dira lotesleak izango, eta Euskadiko portu bakoitzean esku hartzen duten eragileentzat interesgarriak diren gaiak aztertzeko eta eztabaidatzeko elementu interesgarria izango dira .
Joan den irailean onartu zen behin betiko Elantxobeko Portuko Plan Berezia, portu-eremuan edozein jarduketa egiteko ezinbesteko tresna. Antolamendu- eta kudeaketa-plan hori izango da portu-eremuan etorkizunean egin beharreko jarduketak gidatuko dituen dokumentu estrategikoa.
Ildo horretan, jarduketa garrantzitsuena da Portu kalearekin bat egiten duen ibaiertzeko kaiaren eta ontziolaren dikearen hasieraren arteko elkargunean lur-azalera handitzea, eta, beraz, portu barruko bideetarako azalera handitzea. Horrela, plaza txiki bat sortzea ahalbidetzen da, ibilgailuen zirkulazioa hobetzeko eta, hartara, portura sartzeko eskualde-errepidetik modu eraginkorragoan sartzeko eta irteteko maniobrak antolatzeko.
Portuko Udal Kontseiluak honako portuetan eratzen ari dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. Mutrikukoa, Ondarroako, Getariakoa eta Elantxobekoa eratu ondoren, datozen asteotan, 2024a amaitu arte, jada deituta dago Plentzia ta Eako Portuko Udal Kontseilua. 2025eko lehenengo hiruhilekoan, gainerako kontseiluak deituko dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)