
EGEF funtsak, EAEko 14-20 Programa Operatiboaren bidez, Osakidetzaren Bereizmen Handiko Zentroaren eraikuntza kofinantzatu du. Proiektuak 12,5 milioi euroko inbertsioa izan du, eta horietatik 9,6 milioi euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez finantzatu dira.
Zallako Bereizmen Handiko Zentro berria Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIan integratuta dago, eta espezialitate-zentro bat da, Enkarterri eskualde osoari eta Artziniegako biztanleei zerbitzua emango diena.
2024ko lehen seihilekorako irekitzea aurreikusten da, eta Osakidetzak 30.000 inguruko bizilagunei eskaintzen dien osasun-arreta hobetzea ahalbidetuko du, osasun-ekipamendu berriekin eta modernoekin.
Eraikinak 7.856 m2-ko azalera eraikia du, ingurumen-jasangarritasuneko irizpideen arabera diseinatu dena. Espazioaz gain, kokapen berriak, Zallako geltokiaren ondoan, irisgarritasun hobea eskaintzen die herritarrei. Horrek nabarmen hobetuko ditu asistentzia-arretaren egungo baldintzak, baita laguntza-arretaren baldintzak eta profesionalen lan-baldintzak ere.
Lehen Mailako Arretako Unitateak familia- eta komunitate-medikuntzako 50 osasun-profesional eta 18 espezialista izango ditu.
Zentroak honako zerbitzu hauek ditu: familia-medikuntza, pediatria, etengabeko arretako gunea (EAG), odontologia, emaginaren kontsulta, erditzeko prestakuntza, traumatologia, errehabilitazioa, osasun mentala, endokrinologia, kardiologia, urologia, kirurgia orokorra, dermatologia, pneumologia, neurologia, gastroenterologia, oftalmologia, obstetrizia eta ginekologia.
Kontsulta-guneez gain, zentroak honako hauek ditu: erauzketa-gela, sendaketa-gela, larrialdietako gela, proba funtzionaletarako gela, egonkortze-gela EAGn, gimnasioa, elektroterapia, ekografia, igeltsu-gela, espirometriak, erretinografoa, optiko-gela, erditzeko prestakuntza eta ekografia ginekologikoa