Ea´ko Portuko Kontseiluak kaiaren saneamendua hobetzeko aukera aztertuko du

Argitalpen-data: 


      12_12_2024_EA_CONSEJO_PORTUARIO__1_.jpg
  • Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita egongo da
  • Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoa da
  • Mutriku, Ondarroa, Getaria, Elantxobe, Plentzia eta Eakoaren ondoren, urtarrilean Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo eta Armintzakoaren txanda izango da

Ea, Bizkaia 2024 12 12

Gaur eratu da Bizkaiko Ea udalerriko Portuko Kontseilua. Ekitaldian izan dira Koldobika Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria eta Edurne Egaña EKPko zuzendaria, bertako Javier Ziloniz alkatearekin eta udal-teknikariekin batera.  

“Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren arteko lankidetzarako foro honek erakundeen arteko lankidetza indartuko du eta, aldi berean, portuaren garapen jasangarria eta udalerrian integratzea bermatzeko oinarrizko erronkei helduko die”, nabarmendu du Goitiak.

Eako portua Euskal Autonomia Erkidegoko porturik txikiena da, eta izen bera daraman ibaiaren bokalean dago, ekialdeko ertzean. “Kai horren ezaugarri nagusia da itsasgora dagoenean bakarrik erabil daitekeela, itsasbeheran urik gabe geratzen baita. Une horretan portuak eta hondartzak bat egiten dute, eta bertan bizi diren pertsonek erabiltzen dute, batez ere udan”, zehaztu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak.   

Eako Portuko Udal Kontseilua udalaren proposamenak entzuteko ere izango da, portuak udalerriaren eta inguruaren beharrei erantzungo diela bermatzeko. Aztertu beharreko gaietako bat portuko kaiaren saneamendua hobetzeko egin daitekeen jarduera izango da; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Eako Udalaren eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren arteko hitzarmen baten bidez egingo litzateke, portuko eta hareatzako uraren kalitatea hobetzeko. 

Aholkularitza eta kontsulta

Eusko Jaurlaritzak joan den irailean onartu zuen Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Eusko Jaurlaritzak erabiltzen dituen eskumenen esparruan.

Erakunde horren helburu nagusia da Eusko Jaurlaritzaren eta udalerriaren arteko lankidetza indartzea, portuaren garapen jasangarria eta Eako udalerrian erabat integratzea bermatzeko. Portuko Udal Kontseiluak sortzeak Eusko Jaurlaritzak kostaldeko udalerrien beharretara egokitutako kudeaketa parte-hartzailearekin hartutako konpromisoari erantzuten dio. Foro berri horretan, beste hainbat gairen artean itsasadarraren antolamendua, portuko azpiegituren garbiketa eta mantentze-lanak eta aisialdiko amarralekuak eta beste erabilera batzuk bateratzea izango dira aztergai. 

Portuko Udal Kontseiluak honako portuetan eratzen ari dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. Mutriku, Ondarroa, Getaria, Elantxobe, Plentzia eta Eakoaren ondoren, 2025eko lehenengo hiruhilekoan gainerako kontseiluak eratuko dira:  Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo eta Armintzakoa.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)