- Bizkaian pertsona bakarreko etxeak bikoiztu egin dira azken hogei urteetan, 74.000 izatetik 144.000 izatera
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok COAPI Bizkaia 2024 Kongresua inauguratu du gaur, Bizkaiko Higiezinen Jabetza Agenteen Elkargoaren 75. urteurrenean. Itxasok adierazi du Bizkaian pertsona bakarreko etxeak bikoiztu egin direla azken hogei urteetan, 74.000 izatetik 144.000 izatera igaro baitira. “Gaur egun, hamar etxebizitzatik hirutan (% 30,2) pertsona bakarra bizi da”, adierazi du sailburuak.
Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-arloko planak
Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-arloko planak nabarmendu ditu. Plan horien sartuta dago aurre egiteko moduko alokairu etxebizitzen eskuragarritasuna % 40 handitzea, legegintzaldi bakoitzeko 5.000 etxebizitzatik 7.000 etxebizitzara pasatuta, eta etxebizitza babestuaren parkea 50.000 unitatera arte handitzea, 2036ko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean ezarritakoaren arabera.
Arazo horri aurre egiteko Sailaren konpromisoa nabarmendu du Itxasok, eta etxebizitza babestua eta alokairu eskuragarria sustatzeko egindako ahaleginak azpimarratu ditu. “Visesaren eraikuntza-helburuak % 50 handitu ditugu eta 3.000 etxebizitzara iritsi gara. Gainera, 2.900 etxebizitzaren sustapen pribaturako laguntzak eman ditugu, eta horietatik 1.000 eraikitzen ari dira dagoeneko”, azaldu du. Orobat, adierazi duenez, erritmo horri eutsiz gero, hiru legealditan alokairu eskuragarriko 21.000 etxebizitza berri sartuko dira, eta horrek etxebizitza babestuen parkea bikoiztuko du, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean konprometitutako 50.000 etxebizitzetara iritsi arte.
Bere hitzaldian, higiezinen sektorea dinamizatzeko egiturazko erreformen garrantzia nabarmendu du Itxasok. “Gaur egun geldirik dauden 75.000 etxebizitza babestu har ditzaketen partzelen mapaketa xehatua hasi dugu, garapena bultzatuko duten soluzio espezifikoak aurkitzeko”, adierazi du. Gainera, azpimarratu du beharrezkoa dela araudiak malgutzea eta administrazio-prozesuak arintzea, lankidetza publiko-pribatua sustatzeko bizitegi-eskaintza berria sortzeari dagokionez.
Coapi Bizkaia 2024 Kongresua Bilboko Carlton hotel ospetsuan egin da, eta higiezinen sektorerako eztabaida, berrikuntza eta negozioko foro gisa finkatu da. Edizio honetan, aditu nabarmenek lege-alderdiei, marketinari eta berrikuntza teknologikoari buruz dituzten ezagutzak partekatu dituzte, eta Bizkaiko eta Euskadiko bizitegi-erronkei buruz gogoeta egiten eta soluzioak bilatzen lagundu dute.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)