Chlamydiak eta gonokokoak eragindako infekzioak nabarmen ugaritu dira azken 4 urteetan, batez ere 25 urtetik beherako gazteen artean

Argitalpen-data: 


      Cartel_ITS.jpg

     2023ko memoria: Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Plana

  • Osasun Saila eta Hezkuntza Saila jada sexu-hezkuntzako programa berri batean ari dira lanean. Programa hori datorren ikasturtean ezartzea aurreikusten da, eta, aldi berean, sentsibilizazioan eta gizarte-kontzientziazioan eragiteko apustua berresten da, batez ere gazteei begira
  • Euskadik prebentzio-programak aktibo ditu esparru guztietan, eta 2023an 6.351 pertsonari eman zien arreta erretrobirusen aurkako tratamenduekin, 18.897.090 euroko gastuarekin, aurreko urtean baino % 6,7 gehiago

Iaz, Osakidetzaren sexu-transmisiozko infekzioen kontsulta espezifikoek 1.484 chlamydia infekzio-kasu diagnostikatu zituzten, 1.109 infekzio gonokoziko eta 274 sifilis infekzio-kasu. Gaur ezagutzera emandako datuak dira, eta 2023ko Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) Planaren Memoriak jasotzen ditu. 

Txosten hori ikusita, chlamydiaren eta infekzio gonokozikoaren ondoriozko infekzio-tasek azken urteetan pixkanaka gora egin duten arren, 2021. urtetik aurrera izugarri igo dira. Chlamydiaren kasuan, 2020an 100.000 biztanleko 57,55 kasu izatetik 2023an 106,93 izatera igaro da. Bestalde, infekzio gonokozikoa hazi egin da, 2020ko 100.000 biztanleko 27,55 kasuko tasatik 2023ko 79,07 kasura.

2023ko memoriaren datuek berresten duten beste joera bat da, STIek genero eta adin guztietako pertsonei eragiten dieten arren, gaur egun 25 urtetik beherako biztanleria bereziki zaurgarria dela. Hala, chlamydiak eragindako infekzioaren kasuan, 20-24 urteko adin-taldean tasa handiena dago (527,98 kasu 100.000 biztanleko), eta ondoren 25-34 urteko taldean (408,88 kasu 100.000 biztanleko). Antzeko zerbait gertatzen da infekzio gonogozikoarekin: 100.000 pertsonako 361,74 kasu 20-24 urtekoen taldean, eta 297,72 kasu 25-34 urtekoen taldean.

SEXU-HEZKUNTZA ETA GIZARTE-SENTSIBILIZAZIOA

Sexu-transmisiozko infekzioak (STI) mundu mailako osasun-arazo bihurtu dira, eta milioi bat kasu berri izaten dira egunero. Errealitate konplexu horren aurrean, sexu-osasunaren arloan prestakuntza funtsezko jarduketa-ardatza da.

Eremu horretantxe, hain zuzen ere, Euskadiko HIESaren eta STIen Planak "GIB, STI eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko programa" banatu du ikastetxeetan, sexualitatearekin lotutako arriskuen prebentziorako. 2023-2024 ikasturtean, 141 ikastetxek parte hartu zuten programa horretan (aurreko ikasturtean 115 izan ziren), eta 14.200 ikaslek hartu zuten parte (aurreko ikasturtean 9.600 izan ziren). 

Horrez gain, eta ildo berean sakonduz, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailak lanean ari dira sexu-hezkuntzako programa berritzeko eta hobetzeko. Programa hori datorren ikasturtean ezartzea aurreikusten da.

Aldi berean, Osasun Sailak, STIak prebenitzeko eta detektatzeko dituen kontsulta eta programa espezifikoez gain, herritarren sentsibilizazioaren aldeko apustuari eusten dio. Testuinguru horretan, joan den urtean "Ez egin match STIekin" lelopean herritar guztiei, baina bereziki gazteei, zuzendutako kanpaina errepikatzea erabaki du uda honetan. Helburua: sexu-transmisiozko infekzioak ikusaraztea, batzuetan sintomarik gabe sendatzen direla transmititzea, eta preserbatiboa babesteko modurik onena dela gogoraraztea.                    

Info+: https://www.osakidetza.euskadi.eus/sexu-transmisiozko-infekzioak-sti/webosk00-oesintrs/eu/    

GIB BIDEZKO INFEKZIOAK

GIBari dagokionez, Euskadin 134 diagnostiko berri egin ziren iaz, eta horietatik % 12,7 diagnostiko 25 urtetik beherako gazteenak izan ziren.

Osakidetzak 6.351 paziente artatu zituen erretrobirusen kontrako tratamenduekin 2023an (6.214 paziente 2022an), 18.897.090 euroko gastuarekin, aurreko urtean baino % 6,7 handiagoa. 

Era berean, Euskadik bere prebentzio-programa guztiak aktibo mantentzen jarraitzen du. Aipatutako hezkuntza-esparruaz gain, honako hauek ere nabarmentzen dira, besteak beste: 

  • GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programa (PrEP), 2019ko azaroan abian jarritakoa eta GIBaren ondorioz infekzio-arrisku handiko egoeran dauden pertsona osasuntsuei zuzendua; pertsona horiei GIBaren infekzioaren prebentzio-tratamendu bat agintzen zaie (Tenofobir disoproxilo + Emtrizitabina). 4 urte hauetan, medikamentu horiekin prebentzioz tratatutako pertsonen kopurua 2020an 237 izatetik 2023an 981 izatera pasatu da.
  • Euskadin egindako prebentzio-ahalegina diagnostikoan atzerapenak saihestera ere zabaltzen da, EAEko farmazietan egiten diren GIB test azkarren bidez: 031 guztira 2023an, eta horietatik 10 positiboak izan ziren (% 1).
  • 2023an, gainera, 283 kit/xiringa banatu zitzaizkien drogak bide parenteraletik hartzen zituzten pertsonei. Horietatik 64.353 farmazietan, 18.850 esparru horretan lan egiten duten GKEen bitartez, eta 80 espetxeetan.
  • Osakidetzak, aurrez aurreko kontsultez gain, online kontsulta birtual bat eskaintzen die sexua gizonekin duten gizonei; kontsulta horrek sexu-transmisiozko balizko infekzio baten sintomei buruzko gaiak modu anonimoan planteatzeko aukera ematen du. 2023an, 123 pertsonek erabili zuten aplikazio hori.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)