- HAZI, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko entitateak, eta Donostiako Zinemaldiak sustatutako lehiaketan, bigarren saria Jon Martijaren KM0 lanarentzat izan da.
DSS 2024 09 28
Donostiako Zinemaldiaren itxiera-ekitaldian, gaur Kursaalean ospatu dena, Eusko Label laburmetraien sariak banatu dira, iaz abiatu zen lehiaketako film labur onenari zuzenduta. Sariak Maite Retolaza sagardogileak (Euskal Sagardoa) eta Roberto Ruiz sukaldariak (Hika jatetxea) banatu dituzte, eta irabazleek jaso dituzte: Borja Agüero, Las Guardianas lanarekin lehen saria eskuratu duena, eta Jon Martijak, KM0 lanarekin bigarren saria.
Guztira, 30 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta horietatik 9k bi sari nagusiak lortzeko lehian parte hartu dute, Frédéric Boyer (Tribeca, Les Arcs eta Reykjavik jaialdietako zuzendari artistikoa) buru zuen epaimahaiaren aurrean.
Ekimen honen helburua da bertako produktua zinemaren bidez sustatu eta ezagutaraztea, bai eta jasangarritasunari buruzko gaiak lantzea ere, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren munduan. Horregatik, mikrokortoen kalitate artistikoaz gain, gure gizarte-ereduaren oinarri gisa landa- eta itsasertz-ingurune bizia izateak duen garrantziari buruzko mezu positiboak zabaltzea baloratu da, eta, aldi berean, lehen sektoreko eta landa- eta itsasertz-inguruneko pertsonek eredu horren barruan duten zeregina balioestea.
Aurkeztutako lanak telefono mugikor batekin egindakoak dira eta hiru minutu baino gehiago ez dituzte irauten. Eusko Label sariak 6.000 euroko diru-zenbatekoa du lehen postuarentzat eta 4.000 euro bigarrenarentzat.
Sari hau Zinemaldiaren itxiera-ekitaldian banatu da, eta beste agintari batzuen artean Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, bertaratu da.
Laburmetraien lehiaketaz gain, aurten kalitatezko elikagaiak protagonista izan dira Kursaaleko terrazan kokatutako karpan. Bestalde, Euskal Basque Country Tokiko Produktuaren Enbaxadorea saria Irene Escolarri eman zaio. Horrela, Eusko Labelek Donostiako Zinemaldian duen presentzia sendotu du, orain dela hamarkada bat hasitako lankidetzaren bidez. Urte hauetan zehar, marka erreferente bilakatu da Zinemaldian, eta bere produktuek protagonismoa eta aitortza irabazi dute jaialdiko eskaintza gastronomikoan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)