- Hezkuntza Sailak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak UPV/EHUri 150 plaza berri ematea erabaki dute, Laguntzaile Doktoreak kontratatzeko, zenbateko hori gobernu bier artean egingo diren hurrengo bileretan zehaztuko da
- Bildarratz sailburuak eta Morant ministroak elkarrizketa bat hastea erabaki dute, Euskadik zuzenean egin dezan ordezko irakasleen kontratazioa, lanaldi partzialeko kontratazioa murriztu dadin eta haien lan-baldintzak hobetzeko
Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua Diana Morant Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroarekin bildu da gaur goizean, Ministerioaren Madrilgo egoitzan. Morant ministroak bere ministerioan unibertsitateen zorroa bere gain hartu zuenetik, bi arduradunen arteko lehenengo aldebiko bilera da. Bilera horrek aurreko ministroarekin, Joan Subiratsekin, jorratutako gaiei jarraipena emateko balio izan du, batez ere Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) indarrean sartzeak eragindako aldaketei dagokienez. Ministroarekin eta sailburuarekin batera, bileran parte hartu dute Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako estatu-idazkaria Juan Cruz Cigudosak, Ministraren Gabinete burua Guillermo Martinek eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek.
Bileran jorratu duten lehenengo gaia Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aldebiko akordio bat antolatzea izan da, datozen sei urteetan, 2024-2025 ikasturtetik hasita, irakasle laguntzaile doktoreak kontratatzeko. Irakasle horiek ugari dira unibertsitate publikoetako plantillan; gaur egun, UPV/EHUk 825 irakasle laguntzaile doktore plaza ditu. Irakasle hasiberriak dira, gehienak unibertsitateko plantilla berritzeko integratzen dira, eta gehienez ere sei urteko epea dute egonkortzeko. Prozesu hori errazteko, LOSUk irakaskuntza-gaitasunaren heren bateko murrizketa jasotzen du, gehienez ere sei urtez. Murrizketa horrek irakasle gehiago kontratatzea eskatzen du; UPV/EHUren kasuan, guztira 150 kontratu berri izango dira datozen sei urteetan -egiteko dauden bileretan zehaztuko da hobeto kopuru hori, Ministerioaren eta Sailaren artean. Murrizketa hori konpentsatzeko, Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri plazak hornitzeko konpromisoa hartu dute, unibertsitateak bere lana osorik egin ahal izan dezan eta kolektibo horrek bere garapen profesionalean zentratzeko duen irakas-gaitasuna murriztu ahal izan dezan.
Era berean, Bildarratz sailburuak Morant ministroari eskatu dio ministerioak ebalua dezala neurriaren eragina finantzaketa-aldiaren erdialdera, hau da, hiru urtera, eta, hala badagokio, ebaluazio horren emaitza erabil dezala, bere babesa sei urteko hasierako epetik haratago zabaltzeko.
Bigarrenik, Bildarratz sailburuak Morant ministroari azaldu dio Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela unibertsitate publikoko ordezko irakasleen kontratazioaren egoeragatik, LOSU aplikatzearen ondorioz. Euskadik badu kontratu-figura bat, pertsona horiek beren araudian oinarrituta kontratatzea gaitzen duena, eta horri esker, LOSU iritsi arte, ordezkapen horietako asko lanaldi osoko kontratuen bidez egin ahal izan dira. Estatuko arau berriak ezartzen du ordezkapenek ordeztutako profesionalaren irakaskuntza-lana soilik hartuko dutela kontuan, eta ez ikerketari edo kudeaketari dagokion zatia. Horren ondorioz, ordezkapen berriak lanaldi partzialekoak dira eta irakaskuntzara mugatzen dira, Legea onartu aurretik aktibatutako ordezkapenetan ez bezala. Hori dela eta, soldata txikiagoa duten kontratatuen kopurua handitu egiten da.
Hori izan zen aurreko Unibertsitateetako ministroarekin egindako aurreko bileran – 2023ko urrian – landutako gaietako bat. Garai hartan bezala, Bildarratzek berriro jakinarazi dio Unibertsitateetako ministro titularrari gai horri konponbide bat bilatzen jarraitzeko beharra. Eusko Jaurlaritzak egin duen proposamenak LOSU malgutzea eskatzen du, Euskadik, berezko araudiaren bidez, zereginen metaketa arautu ahal izan dezan, lanaldi partzialeko kontratazio txikiagoko egoera batera itzultzeko, eta, ondorioz, ordezko langileen ordainsaria hobetzeko.
Hori izan zen aurreko aldebiko bileran – 2023ko urrian – aurreko Unibertsitate ministroarekin aztertu zen gaietako bat. Orduko hartan bezala, Bildarratzek berriro adierazi dio Unibertsitateetako ministro titularrari gai horri irtenbidea bilatzen jarraitzeko beharra. Ildo horretan, Bildarratz sailburuak eta Morant ministroak elkarrizketa bat abiatzea adostu dute, Euskadik zuzenean egin dezan ordezko irakasleen kontratazioa, lanaldi partzialeko kontratazioa murrizteko eta haien lan-baldintzak hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzak helarazi duen proposamenak UPV/EHUko sailetako plantilla indartzea eta lanaldi partzialeko kontratazio gutxiagoko egoerara itzultzea ekarri du, eta, ondorioz, ordezko langileen ordainsaria hobetzea.
Bildarratz sailburuaren iritziz, beharrezkoa da unibertsitateek beren premiei erantzungo dien arau-malgutasun bat izatea bermatzea, ordezko irakasleei eta unibertsitateko irakaskuntza-lanak jarraitzeari kalterik egin gabe, aldez aurretik aurreikusi ezin den ordezkapen bat eskatzen duten egoeretan.
Bileran, bi administrazioek atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumena Euskadira transferitu berria dela aipatu dute, bai eta gai hori bere gain hartzeko egiten ari diren aurrerapausoak ere. Transferentzia hori uztailaren 1ean hasiko da indarrean, eta gaur egun bi administrazioen arteko koordinazio-mekanismoak lantzen ari dira. Alde horretatik, gaurko topaketak balio izan du, halaber, Aste Santuaren ondoren bi erakundeen artean egingo diren koordinazio-bileren egutegia ezartzeko.
Ministerio hori zientziaren esparruaz ere arduratzen denez, Bildarratzek eta bere taldeak Hezkuntza Saila arlo horretan garatzen ari den jarduera-ildo nagusiak helarazi dizkiote ministroari. Zehazki, honako hauek jorratu dituzte: bikaintasun-zientziaren arloan lankidetzan aritzeko aukera nazioarteko talentua erakartzeko arloetan (Ikerbasque programa); Ikur 2030 Estrategia (Neurobiozientziak, Teknologia Kuantikoak, Pneutrionika eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala); Euskadin garatzen ari diren azpiegitura zientifiko handiak (hala nola IBM Quantum System One konputagailu kuantikoa edo Hyperion superkonputagailua); eta Basque Quantum Estrategiaren esparruan, teknologia kuantikoetan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)