Gaurko Gobernu Kontseiluko bileran argi berdea eman zaio Ignacio Aldecoa kultur etxeko liburutegia eta Arabako Foru Aldundiko museoetako nahiz Kultura eta Kirol Sailari atxikitako zerbitzuetako liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean mantentzeko hitzarmenari. Hitzarmen honek jarraipena emango dio 2018an sinatutakoari eta honek informazioaren, teknologiaren, kulturaren, hezkuntzaren eta aisialdiaren arloko baliabideak partekatzea ahalbidetuko du. Beste era batera esanda, liburutegi hauek Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratuta jarraitzea herritarrei zerbitzu hobea eta osoagoa eskaintzea ekarriko du.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sarearen oinarria udal-titulartasuneko liburutegiak dira, baina bertan daude Arabako Foru Aldundiaren Ignacio Aldecoa liburutegia eta sartzear da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Koldo Mitxelena Kulturunea. Sarean, halaber, udalaz kanpoko titulartasuna duten beste liburutegi batzuk ere sartzen dira (Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia, Arantzazuko Liburutegia, HABE,...). Gaur egun Euskadiko Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.899.917 ale biltzen ditu.
Informazio gehiago hemen.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)