- Sailburuak portuko instalazioetara egin du bisita gurutzaldien denboraldiaren amaieran
- Hurrengo urtean Euskadiko gastronomiaren nazioarteko posizionamenduak hobera egingo duela iragarri du/li>
- Euskolabel produktuen erakusmahai bat gurutzaontzi turistikoetako bidaiarientzat
Getxo, 2024/12/18
Fred Olsen Cruises britainiar ontzi-enpresaren Bollette itsasontzia iritsi da gaur, eta horrekin amaitu da gurutzaontzien Getxoko terminalaren 2024ko denboraldia. Bertan, ekainetik aurrera, Euskadiko kalitate oneko elikagaiak itsasotik heltzen diren bisitari turistikoen artean sustatzeko esperientzia pilotu bat egin da. Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, terminaleko instalazioetan egon da arratsaldean, proiektua nola joan den zuzenean jakiteko. Harekin batera, Portu Agintaritzako Eragiketen, Merkataritza Garapenaren eta Garapen Logistikoaren zuzendari Andima Ormaetxea, Leandro Azkue eta Raúl Pérez Iratxeta sailburuordeak eta HAZIko zuzendari Raimundo Ruiz de Escudero egon dira.
Bizkaia egin beharreko geltoki bat da ontzi-enpresa ugarirentzat, beren ibilbideetan zehar hainbat arrazoirengatik liluratzen dituen lurralde batean geldialdia egitea baliagarria baita haientzat. Eta arrazoi horietako bat gastronomia da. Izan ere, 2023an, 80 gurutzaontzi iritsi ziren Olatua itsas estaziora, 150.000 bidaiarirekin: erosahalmen handiko kolektibo bat da, eta euskal kultura eta elikagaiak ezagutzeko interes handia du.
Datu horiek kontuan izanik (eta aurten errepikatu dira), Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak, HAZI fundazioaren bitartez eta ekainean abiarazitako kanpainarekin, proiektu pilotu bat abiarazi zuen pertsona horiek euskal nekazaritzako elikagaien eta edarien sektorea ezagutzea eta kalitate bereiziko produktuen salmenta sustatzeko. Horretarako, euskal nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin eta elikagaigintzarekin zerikusia duten tokiko produktuen erakusmahai bat instalatu zuten ontziratu arte eta lehorreratu ondoren itxaroteko eremuan.
“Gurutzaontzien terminalean horrelako esperientzia bat egin den lehen aldia da, eta bidaiari horien profila eta haien interesak ezagutzeko beharra genuen. Horregatik, kalitate bereiziko gure produktuen lehen hurbilpen hau aztertu behar genuen, Euskadiko gastronomiaren nazioarteko posizionamendua areagotzeko lagungarria izan daiteke eta. Positiboa izan da”, esan du Amaia Barredok Getxon. Hurrengo urtean, ekimen honekin jarraituko dute gurutzaldien denboraldian.
Produktuak eta jatorria
Bilbao Portekin abiarazi den elkarlanari ekiteko, produktu hauek aukeratu dira: Arabako Errioxako ardoa, Araba, Bizkaia eta Getariako jatorri-izeneko txakolinak, Euskadiko sagardoa, hegaluze-kontserbak, Kantauriko antxoen kontserbak, Idiazabal gazta, patea, Basatxerri haragiki xerratuak, iturburuko gatza, eztia, Ibarrako piperminak, lekaleak eta oliba-olio birjina estra.
“Getxora iristen diren gurutzaontzirik handienetan, britainiar nazionalitateko turistak datoz batez ere, eta Euskadiko produktua atsegin dute. Denetik erosten dute, baina, beste ezer baino gehiago, Arabako Errioxako ardoa eta txakolina. AEBko turistekin batera, britainiarrek inbertitzen dute gehien Euskadiko mokadu bat etxera eramateko. Dena den, estatubatuarrak gurutzaontzi txikiago eta esklusiboagoetan heltzen dira, eta erreserbako ardoa eramaten dute nagusiki”, aipatu du Amaia Barredok.
Proportzioan, Asiako turismoak erakusten du Kantauriko antxoen kontserbak eta hegaluze-kontserbak erosteko interesik handiena. Alemaniarrek, aitzitik, Idiazabal gazta eta Basatxerri produktuak nahiago dituzte.
Denboraldia dela eta (martxotik urrira bitarte funtsean), adin ertaineko jende asko iristen da, baita familia osoak ere, eta produktu-bolumen handi samarra kontsumitzen dute. Gehien erosten duen profila adin ertaineko britainiar edo estatubatuar jendea izaten da. Halarik ere, guztiek dute tokiko produktuak ezagutu eta dastatzeko interes handia, kontratatzen dituzten txango arin-arinen ostean gogoberoturik itzultzen baitira itsasontzira.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)