- Jorge Zickermann de Lancastre, José María Torre, Félix Bidea eta Leandro Azkuerekin batera, Montestena petrolio-ontzia bisitatu du Bilboko portuan
- “Sektorea erakargarria da, etorkizun handikoa, eta garapen teknologiko interesgarria bizi duena”
- 1993tik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, etorkizuneko euskal marinelen praktiketako 2.745 ontziratze baino gehiago egin dira
Santurtzi, 2024 12 19
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gazteak animatu ditu “bai merkataritza-nabigazioak bai alturako eta baxurako arrantzak eskaintzen duten lan-eskaintza zabala ezagutzera, belaunaldien arteko beharrezko erreleboa lortzeko une ezin hobean, garapen teknologiko interesgarria bizi duen eta etorkizun handikoa den sektore erakargarri batean”. 1993tik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, etorkizuneko euskal marinelen praktiketako 2.745 ontziratze baino gehiago egin dira.
Jorge Zickermann de Lancastrek (CEO), José María Torrek (Flotaren Zuzendaria), Ibaizabal ontzi-konpainiako Félix Bidea kapitainak eta Leandro Azkuek lagunduta, Amaia Barredok Montestena petrolio-ontzia bisitatu du Bilboko portuan, eta tripulazioko kideekin euren lanaz, prestakuntzaz eta lan-aukerez hitz egin du.
Montestena 81.187 GTko eta 159.236 TPMko tanga-ontzi bat da. Amaia Barredok aginte-kabina, kamaroteak, sukaldeak eta jantokiak ezagutu ditu, bai eta motor eta makina izugarriak ere. Bertan, helmuga berri batera irtetear dagoen tripulazioko 25 kideen testigantzak ezagutu ditu.
Sailburua Abran ere ibili da azken belaunaldiko atoiontzi batean, eta bertako kapitainak atoian eramateko brankaz brankako eta 360 graduko biraketarako bere gaitasun operatibo berriak erakutsi dizkio.
Ibaizabal partaide duen Anavas Euskal Ontzijabeen Elkarteak Merkataritza Nabigazioko etorkizuneko ofizialak izango diren emakumeen eta gizonen prestakuntzarekin konpromisoa hartuta du, eta praktikak, akademikoak nahiz profesionalak, elkarteko ontzietan egitea errazten du. Jarduera hori 1993. urtetik egiten da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Programa hori abian jarri zenetik, 2.745 ontziratze baino gehiago egin dira, azken urtean 183.
Ikastetxeak
ANAVASek itsasoko lanbidearen bokazioak sustatzen ditu belaunaldi berriei sektorea eta horrek eskaintzen dituen aukera profesional zabalak ezagutarazteko programa baten bidez. Horretarako, 2023an ikastetxera bisitak egiteko programarekin jarraitu du, ikasleen artean itsas-lanbideen bokazioak sustatzeko. Programa 2019an jarri zen abian.
Bisitetan bideo bat aurkezten da. Bideo horretan elkarteko ontzi-enpresetako profesionalek eta sektoreko beste kide batzuek parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Bere helburu nagusia da, lehen pertsonako testigantzen bidez, ikasleentzat askotan ezezaguna den lanbidea ezagutaraztea, bai eta merkataritza-nabigazioak eskaintzen dituen aukerak ere, beharrezkoa den belaunaldien arteko erreleboa sustatuz.
Era berean, Euskal Ontzijabeen Elkarteak bitartekaritza-lanak egiten ditu 2011tik, LANBIDE Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako enplegu-agentzia gisa. Horretarako duen ontziratze-poltsan izena eman dezakete enplegu-eskatzaileek bere www.anavas.es webgunearen bidez.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)