Amaia Barredoren ustez, "Mercosurrek aukera ekonomiko esanguratsuak eskaintzen ditu, baina konpentsazio-neurri argiak eskatzen ditu, babes-klausulekin"

Argitalpen-data: 


      DF1H96J1.JPG
  • Beharrezkotzat jotzen du “Europar Batasunaren mugako kontrolak indartzea eta jatorri-deitura duten produktuak sustatzea”
  • “EB-Mercosur akordioak Europako nekazaritzako elikagaien esportazioak bultzatzeko ahalmena du, bereziki ardoarenak, oliba-olioarenak eta kontserbenak”

 VG 2024 12 11

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “Mercosurrekin egindako akordioak aukera ekonomiko esanguratsuak eskaintzen dituen arren, akordio hori benetan ezartzearekin batera konpentsazio-neurri argiak hartu behar dira, babes-klausulak, Europar Batasuneko mugako kontrolak indartzea eta jatorri-delitura duten produktuak sustatzea barne hartuta”.

“EB-Mercosur akordioak Europako nekazaritzako elikagaien esportazioak bultzatzeko ahalmena du, bereziki balio erantsi handiagoa duten produktuetan, hala nola, ardoan, oliba-olioan eta kontserbetan. Aukera horiek % 5-10eko hazkundea ekar lezakete Mercosurreko merkatu emergente batzuetan”, adierazi du sailburuak.  

“Hala ere –erantsi du Amaia Barredok–, hainbat eragilek errezeloak dituzte, bereziki abeltzaintzaren, barazkien eta fruituen eta oinarrizko laboreen, besteak beste, arrozaren eta azukrearen, sektoreetan, lehia desleialari aurre egin beharko baitiote Mercosurreko herrialdeetan kostu txikiagoak eta ingurumen-erregulazio bigunagoak daudelako. Erronka nagusien artean dago jasangarritasuna eta ekitate erregulatzailea bermatzeko beharra”.

Barredo sailburuaren ustez, “adituek ohartarazten dute Europako elikadura-subiranotasunean izan dezakeen eraginaz eta biodibertsitataren galeraz, nekazaritzako kimikoen erabilera masiboaren eta nekazaritza-hedapenari lotutako baso-soiltzearen ondorioz”.

Gainera, barneko prezioen gaineko presioak familia-ustiategiak ezegonkortu ditzake, batez ere Euskadi bezalako herrialdeetan, ustiategi txikiek bazterketa-arrisku handiagoa baitute. Laburbilduz, akordioak aukera ekonomiko esanguratsuak eskaintzen dituen arren, hura benetan ezartzearekin batera konpentsazio-neurri argiak hartu behar dira, babes-klausulak, mugako kontrolak indartzea eta jatorri-deitura duten produktuak sustatzea barne”, erantsi du.

“Horrela bakarrik bermatu ahal izango da akordioaren onurak ez direla Europako nekazaritza-ereduaren lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren kalterako izango”, esan du amaitzeko Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)