Amaia Barredo: "Lantziego, Moreda eta Oiongo dolareetan milioi bat kilogramo oliba zanpatuko dira"

Argitalpen-data: 


      2024_MOREDA__41_.JPG
  • Arabako Errioxako olio-dolareak oliba-olio birjina estra ekoizten ari dira egun hauetan, Arroniz barietatea, Euskolabelek sustatua
  • “Olio ezin hobea gordinik edo produktu gastronomikorik onenekin batera kontsumitzeko”

Lantziego & Moreda, Araba 2024 11 28

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Lantziegoko eta Moredako oliba-dolareak bisitatu ditu Arabako Errioxan, eta olibak, bereziki Arroniz barietatekoak, goi-mailako gastronomian bere kalitateagatik oso preziatuak direnak, biltzeko eta zanpatzeko lanak ikusi ditu. Oiongo dolarearekin batera, denboraldi bakoitzean ia milioi bat kilogramo oliba bihurtzen dute olio.

Lantziegoko Erroiz dolarean, kalitateko oliba-olio birjina estra ekoizten dute, eta egun hauetan inguruan bildutako Arroniz barietateko 150.000 eta 200.000 kilogramo artean prozesatuko dira Euskolabel zigiluarekin. “Arroniz barietatearen ezaugarri nabarmena bere zapore bizia da, ezin hobea da gordinik eta produktu gastronomikorik onenekin batera kontsumitzeko”, aipatu du Barredo sailburuak. Moredan 180.000 eta 220.000 kilogramo artean jasoko dira, eta Oionen 500.000 eta 800.000 artean.  

Lantziegon, Moredan eta Oionen prozesatutako olibak inguruko eta Arabako Errioxako nekazariek zaindutako olibadietan, batez ere herrikoetan, bildutakoak dira.  “Ahoan olio orekatuak dira, usain bizikoak, eta ezaugarri organoleptiko bikainak dituzte, polifenoletan aberatsak dira, eta mingainean eta ahosabaian pikante ukitu atsegina dute”, zehaztu dio Lantziegoko Erroiz dolarean Mikel Izagirrek Amaia Barredori.

Jorge Martínez Arabako Errioxako Olibondoa eta Olioa Sustatzeko Elkarteko (APRORA) gerentearekin, Mikel Izagirrerekin eta Mara Garcia Moredako alkatearekin batera, Amaia Barredok dastaketa banatan parte hartu du, eta bertan oliba biltzeko lanen bilakaerari eta Arabako landako produktuen dibertsifikazioaren osagarri gisa duen balioari buruzko xehetasun ugari eman dituzte. Erroiz dolareko Mikel Izagirrek azpimarratu du helburua dela “Euskal Herriko olibondoaren eta olioaren milaka urteko kultura zabaltzea, olibondoak eta oliba-olio birjina estra (AOVE) landuz”.

APRORAtik Arabako Errioxako olibadi historikoa berreskuratzeko egiten den apustua handia da. Halaber, garrantzitsua da mahastizaintzako ustiategien osagarri izan daitezkeen olibondo-sail berriek ematen duten aukera ere”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)