- "EAEko merkataritza-flota itsas sektoreak eskatzen dituen ingurumen-eskakizunetara eta deskarbonizazio-eskakizunetara egokitzen da".
- Guztira 72 ontzi, merkataritza-ontzi, atoiontzi eta barne-trafikoko 11 enpresa kudeatzailek osatzen dute. Guztira 783.434 GT eta 1.333.735 TPM dira.
Bilbao, 2024 12 17
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak ANAVAS – Euskal Ontzijabeen Elkarteak egin duen Gabonetako topaketan parte hartu du gaur. Alejandro Aznar izan da ekitaldiaren buruan, eta Francisco Garaygordobil idazkari nagusia. Elkartea 72 itsasontziren (merkataritza-ontzien, atoiontzien eta barneko trafikoko ontzien) jabeak eta kudeatzaileak diren 11 enpresak osatzen dute, eta 783.434 GT eta 1.333.735 TPM suposatzen dituzte guztira.
Leandro Azkuerekin batera, Amaia Barredok arretaz jarraitu ditu ANAVAS´eko arduradunek kargaontziei, petrolio-ontziei, gas-ontziei, solteko gai likidoen eta solidoen ontziei eta atoiontziei buruz emandako azalpenak, eta Sailak Merkataritza Nabigazioko kapitain titulua edo Makineriako buru izateko titulua atera berri dutenak ontziratzeari emandako laguntza nabarmendu dute.
“Arretaz jarraitzen dugu Euskadiko hiru ontziolen –Murueta, Zamakona eta Balenciaga– jarduera, eskaera-zorroan 8 ontzirekin itxi baitute urtea: Estatuko eskaeraren % 23. Euskal Ontzijabeen Elkarteko 11 enpresetan batez beste 13 urte dituzten 72 ontzi kudeatzen dituzue”, aipatu du Amaia Barredok.
Sailburuak adierazi du “Euskadiko flota oraindik ere itsas-sektoreak eskatzen dituen ingurumen- eta deskarbonizazio-eskakizunetara egokitzen ari dela. Batzuetan kezkatuta ikusten dut mundu osoko ontzien “osasun” txarra, eta hor dago, esate baterako, Kercheko itsasartean, Itsaso Beltzaren eta Azov Itsasoaren artean, gertatu den petrolio-isuria, igande honetan gertatu dena, ekaitz baten ondorioz bi petrolio-ontzi errusiar hondoratu ondoren. Errusiak 2014n beretutako Krimeako penintsula mehatxatzen ari den marea beltza”.
“130 metro baino gehiagoko luzera eta ia mende erdia zuten bi petrolio-ontzi ziren. Atera kontuak… Zorionez, Europar Batasunean eta hemen, Euskadin, oso serio hartzen degu ontziak berritzearen, teknologia eta komunikazio berriak sartzearen eta tripulazioen etengabeko prestakuntzaren kontua”, adierazi du Barredok.
Elkartearen flotak itsasoko trafiko-mota ezberdinak barne hartzen ditu, eta flota hori tanga-ontziek, zama orokorreko ontziek eta edukiontziek, solteko gaien edukiontziek, atoiontziek eta gas-hornidurakoek osatzen dute, merkataritzako 45 ontzi eta 27 atoiontzi guztira. ANAVAS´en inskribatutako flotaren batez besteko adina 13 urte ingurukoa da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)