Alberto Martinez: "Gaurko hauteskundeek Osakidetzako profesionalen ahotsa jasoko dute eta osasun hobea lortzeko bidean aurrera egiteko balioko dute"

Argitalpen-data: 


      Consejero_de_salud.jpg

OSAKIDETZAKO HAUTESKUNDE SINDIKALAK

  • “Ordezkaritza sozial sendoa, egituratua eta konprometitua nahi eta behar dugu, mahai sektorialean aurrera egiteko eta profesionalei eraginkortasun handiagoz entzuteko”
  • Osasuneko sailburuak hauteskundeen normaltasun giroa nabarmendu du. Hamarkada bat baino gehiago da ez zirela egiten, eta 45.000 profesionalek baino gehiagok eman dezakete botoa 82 mahaietako batean

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aditzera eman du Osakidetzak gaur egingo dituen hauteskunde sindikalak baliagarriak izango direla gure osasun-sistema hobetzen lagunduko duen ordezkaritza sozial indartsu eta konprometitua sendotzeko.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean hedabideek eskatuta egindako adierazpenetan, Osasuneko sailburua pozik agertu da hauteskunde-eguna normaltasun-giroan garatzen ari delako. Hamarkada bat baino gehiago da ez zirela egiten, nabarmendu du. Osasuneko Mahai Sektorialean lortutako akordioari esker posible izan da; izan ere, duela hilabete batzuk, hauteskundeak zein hauteskunde-esparrutan egingo ziren erabakitzeko behin betiko konpromisoa hartu zen, eta hori funtsezkoa izan da. Hain zuzen ere, gai horrek geldiarazi zituen hauteskunde-prozesua aktibatzeko aurreko saiakerak.

Alberto Martinezek hauteskunde horien garrantzia azpimarratu du, hainbeste denboraren ondoren, Osakidetzako profesionalen iritzia ordezkatzea ahalbidetuko baitute. “Erakunde guztietan bezalaxe, Osakidetzan ere gizarte-eragileen eta sindikatuen ordezkaritza sendoa, egituratua eta konprometitua nahi eta behar dugu, Mahai Sektorialaren lan-testuinguruan aurrera egiteko”.

Ildo horretan, sinestarazita dago horrek “eraginkorrago egingo duela profesionalei entzuteko dugun jarrera, osasun-sistemaren paradigma berri baterantz garatzen ari garen prozesuaren barruan”.

Hauteskunde-egunari hasiera eman zaion normaltasun-giro berean amaiera emango zaion nahi eta uste osoarekin, Osasuneko sailburuak gogorarazi du Osakidetzako 45.000 profesionalek baino gehiagok eman dezaketela botoa gaitu diren 82 hauteskunde-mahaietako batean. Boto-emaileen errolda 15 hauteskunde-esparrutan banatuta dago —Osakidetzak izen hori erabiltzen du hauteskunde-barruti sindikalak aipatzeko—.

Hauteskunde-mahaiak hiru lurralde historikoetako ospitale eta osasun-zentroetan banatuta daude, eta langileak lantokietatik gertuen duten horietara joango dira. Horretarako, beharrezko baimena izango dute. Euskal sare publikoko ospitaleetan, mahaiak goizeko 7:00etatik gaueko 23:00etara daude irekita; lehen mailako arretaren esparruan, 08:00etatik 20:00etara; eta larrialdietan eta erakunde zentralean, 08:00etatik 22:00etara.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)