- Jon Maiaren 'Kantu bat gara' ikuskizuna, Lunada talde irlandarra eta Fillas de Cassandra talde galiziarra izango dira edizio honetako talde potenteenak.
- Iñaki Palacios gasteiztarrak, Besaide talde euskaldunak, Iparraldeko Xiberua Kantu Loraturik eta Cabra folk estataleko taldeek osatuko dute aurtengo egitarau zabala.
Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren XII. edizioak ditu nobedade anitz. 20 kontzertu eta jarduera baino gehiago egongo dira publiko zabalarentzat, hain zuzen, goruntz doazen eta sendotuta dauden taldeen emanaldiak eskainiko dira. Emakume artistei bultzada berezia emango zaie eta haurrentzako jarduerak, kalejirak, folk eskoletako ikasleen topaketak, zazpi tailer eta nazioarteko presentzia nabarmena izango da.
Jaialdiaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Gasteizko Montehermoso Kulturgunean. Estatu mailan folk musika eta kultura tradizionala hedatzeko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Aitzina Folk.
Kontzertuak eta tailerrak azarotik abendura bitartean egingo dira Gasteizko hainbat agertokitan. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko www.aitzinafolk.org webgunean.
Egitaraua azaroaren 19an, larunbata, 19:00etan, aurkeztuko da Gasteizko Santa Maria Katedralean, ‘Xuxurlaka’ taldearen eskutik. Ainara Moreno abeslariak eta Patxi Villen musikariak Irlandako zelten tradizioa hurbilduko digute, harpa, uilleann pipe edo irlandar gaita eta whistles bezalako instrumentuak uztartuko
dituzte.
Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak gogoratu duenez, “Aitzina Folkeko jatorrizko xedeak duela hamabi urteko berberak dira: musika, folka eta kultura tradizionala zabaltzea, eta ataxia telangiektasia ikertzen laguntzea. Gaixotasun arraroa, genetikoa, multisistemikoa eta neurodegeneratiboa da, tratamendurik eta sendabiderik gabea, eta gutxitutako desgaitasun fisiko larria eragiten du. Hiru mutili eragiten die Araban, eta 40 haur zein gazte baino gehiagori Estatuan”.
Emakumeak Folk munduan
Folkaren hazkundea bultzatzeko, urtero bezala, Aitzina Folk jaialdiak euskal musikarien, beste eskualde batzuetako artisten zein nazioartekoen emanaldiak eskaintzen ditu. Tokiko zein edozein jatorriko musikari emakumeei laguntza berezia eskaintzen zaie, emakumeen presentzia folk arloan sustatuta.
Errebelazio handienetako bat bihurtu ostean, Fillas de Cassandrak (Sara Faro y Maria SOA) azaroaren 30ean ikuskizun berri bat aurkeztuko du: Ultimas Dionisiacas. Vigestarrek Donostiako Zinemaldian aurkeztu den ‘Soy Nevenka’ pelikulako ‘Cuando nadie ve’ abestia ekoiztu dute. Trikitixa Kontrairorekin batera arituko dira oholtzan. Soinu tradizionalak eta 90eko hamarkadako hasierako musika uztartzen dute, inolako lotsarik gabe.
Penintsula osoko Folk taldeak
Valentziako Mediterraneotik, Mantxatik eta Extremaduratik, eta musika tradizionalen zein konposizio berrien esparruan urte luzeetako esperientzia gehituz, Cabra taldeak (abenduaren 21ean) Aitzinako ikusleak Iberiar Penintsulako eta bertako uharteetako tradizioetan barneratuko ditu.
Iparraldetik, Zuberoaren bihotzean, Xiberua Kantu Loraturik (abenduaren 20an) tokiko kantu tradizionala eszenaratzen du ikuspegi garaikide batetik. Loraldiaren ekoizpen honek euskarazko musika kulturaren erreferente handiak batzen ditu oholtzan: Beñat Axiary, Maddi Oihenart, Mitxel Etxekopar, Julen Axiary eta Ihintz Iriat. Aipatzekoa da bere musikarietako batek, Mixel Etxekoparrek, Isturitzeko hiru zulotako txirula berreskuratu zuela, Europako aztarna arkeologiko zaharrenetako bat.
Besaide euskal taldeak (abenduaren 14an) erabiltzen dituen instrumentu ezohikoen sonoritatea erakusten du: zanfona eta alboka, egun, minoritariotzat hartzen diren instrumentuak erabiltzen ditu.
Iñaki Palacios musikari gasteiztarrak (abenduaren 13an) txistuaren irudi berritua erakutsiko du. ‘Argizaiola’ disko berria aurtengo udazkenean kaleratuko du, eta Kalakan zein Mikel Urdangarinen elkarlanak nabarmentzen dira lan ausart eta berritzaile honetan.
Urrezko itxiera Jon Maiak egingo du abenduaren 29an ‘Kantu bat gara’ emanaldiarekin. Ikuskizuna azken 30 urteetan letragile gisa idatzi dituen abestien antologia bat da. Lan honen arrakastaren eraginez, bi urte geroago bertsolari zumaiarrak lan berri bat osatu du: ‘Kantu berri bat gara’ liburu. Lan honetan, Maiak kantu berriak nagusitzen ditu, nahiz eta bertsio batzuk egon (Negu Gorriak, Gozategi, Gari eta Pello Reparazenak). Horretarako, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor goi mailako kolaboratzaileen laguntza izan du. Elkarlan bat nabarmentzekotan, Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren parte hartzea da, ‘Nostalgia' kanta euskaraz abestuta.
Atzerriko Folka
Atzerriko parte hartzea Irlandatik helduko da Lunasa (azaroaren 24an) eta Shorelines trio (azaroaren 23an). Lunasa aurreko hamarkadako talde irlandar garrantzitsuenetako bat da. Hasieratik, moldaketa konplexuek eta euren aparteko soinuek musika tradizionalaren mugak birdefinitu eta mundu osoko entzuleak berpiztu zituzten.
Bestalde, Shorelines indar handiko hirukotea da: Nuala Kennedy abeslari zein txirula jotzaile ospetsua, mundu osoan kantu tradizionalaren interpretatzaile aparta; Tara Breen Irlandan hainbat sari irabazi dituen biolin jotzaile talentuduna; eta, azkenik, Tony Byrne abangoardiako gitarra-jotzailea, gitarrarako estilo
asmakorrengatik nabarmentzen da. Elkarrekin abesti ederren eta maila goreneko musika tradizionalaren programa anitza aurkezten dute.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)