- Karga-ontzi bihurtutako petrolio-ontzia zen, oso azkar eraikitakoa, eta Aleutiar Uharteetan hondoa jo zuen
- Ezbeharraren arrazoiak oraindik ez dira argitu: Amaia Barredok eta Leandro Azkuek Alaska parean bizia galdu zutenak gogoratu dituzte gaur
VG 2024 12 17
Gaur, abenduak 17, hirurogei urte bete dira Saint Patrick ontzia Alaska parean hondoratu zenetik. Ontziko marinel gehienak bizkaitarrak ziren. 31 marineletako baten gorpua baino ez zen erreskatatu. Ezbeharraren arrazoiak oraindik ez dira argitu. Amaia Barredok eta Leandro Azkuek Alaskako ur hotzetan bizia galdu zutenak gogoratu dituzte gaur.
Saint Patrick karga-ontzi bihurtutako petrolio-ontzia zen, denbora errekorrean eraiki zutena, eta Aleutiar Uharteetan hondoa jo zuen Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko gerra hotzaren erdian. Desagertuen bilaketa-lanek ez zituzten konbentzitu familiak. Saint Patrick White Bird Canyon izeneko petrolio-ontzi gisa eraiki zuten, Estatu Batuetako Gobernuak II. Mundu Gerran aliatuen armadak petrolioz hornitzeko eraiki zituen 485 ontzietako bat izan zen.
1944an eraiki zuten Alabaman, 77 egunetan. Handik lau urtera Frantziako Gobernuaren jabetzakoa izatera pasatu zen, eta Gonfreville izena jarri zion. 1962an eskuz eta izenez aldatu zen. Good Hope izena jarri zioten, eta 1964an eraldaketa handia izan zuen. Saint Patrick izena hartu zuen, eta 169,5 metroko luzerako eta 14.500 tonako (uretaratu zutenean baino 5.000 gehiago) karga-ontzia bihurtu zen.
Ontziratuen zerrenda: Julián Días Markuartu, Arrigorriagakoa, kapitaina, 34 urte; Pedro Beaskoetxea Gorordo, ofiziala, 40 urte; Alfredo Burgos Gastón, hirugarren ofiziala, 23 urte; Jesús María de la Torre Ruiz de Azúa, makineriako burua, 31 urte; José Manuel Alvarez Iriondo, makineriako burua, 33 urte; Juan Manuel Gordo de los Llanos, makineriako lehenengo ofiziala, 36 urte; Federico Escobedo Ríos; Julián Alberdi Gardiazabal, 40 urte; Ramón Romero Cubina; Juan Bello Seco; Pedro María Gámiz Frade, elektrikaria, 28 urte; José Ángel Tejada Larrea, 31 urte; Francisco Martín Rodríguez, 37 urte; Ricardo Alzaga Varela; Antonio Herrero Monsalve, berreskuratu zuten gorpua, irrati-telegrafista; Juan Antonio Manterola Rekagorri; Juan Rodríguez Caamaño; Antonio Julio Vilariño; Carlos Vázquez López; Jesús Villabertia Libano; Fidel Escandón Araujo; Santiago Tellechea Astienza; Manuel Pais García; Manuel Lado Beiro; Graciano Gutiérrez Celis; Manuel Lago Olivera; José Manuel Arzá Bastineza; Francisco Erauzkin Elexpe; Víctor Manuel Sestayo Santiagos; Jaime Barturen Gaubeka, eta Cesáreo Martija Uriarte.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)