Petrolioaren bilaketa Araban eta Legutioko Bataila PHOTO-ARABAra iritsi dira

  • Petrolioaren bilaketa Araban eta Legutioko Bataila PHOTO-ARABAra iritsi dira

PHOTO-ARABA Arabako Foru Aldundiaren irudi historikoak zabaltzeko Arabako Artxiboaren atariak 200.000 irudiko langa gainditu du astelehenean. Irudiok modu librean eta doan zabaltzen dira Interneten.  Hori ospatzeko, bi argazki erakusketa berri argitaratu ditu: "Villarruinas. Gerra Zibila Araban" eta "Hemen petrolioa dago!"

Lehenengo erakusketa Germán Ruiz Llano historialariak egin zuen, eta Gerra Zibilean Araban izandako bataila handienetako batek, alegia, Legutioko Batailak ekarri zuen eraikin eta azpiegituren suntsipena aztertzen du. Borrokaldiak amaitu zirenean, 1936ko abenduan, Legutiori "Villarruinas" ezizena jarri zioten. Elizetan izandako kalte handiek ondare historiko eta artistikoaren galera izugarria eragin zuten, erakusketako argazkietan ikus daitekeenez. Argazki horietako batzuk inoiz argitaratu gabeak dira.

Bigarren erakusketan, "Hemen petrolioa dago!" izenekoan, Kepa Baquedanok gehienok ia ezagutzen ez dugun istorio baten berri ematen digu. Hirurogeiko hamarkadan, petrolioa eta gasa esploratzeko gune garrantzitsua izan zen Araba, eta berrogeita hamar zundaketa baino gehiago egin ziren. 1973ra arte, Espainian 4.900 metro baino sakonago heldutako bost zundaketa baino ez zeuden, eta haietako lau Araban zeuden. Garai hartan aurkitutako gas hobi batzuk oraindik bere horretan daude.

Bi erakusketa horiek argitaratu direla eta, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak PHOTO-ARABAren garrantzia gogorarazi du: "Interneteko atari hau berrogei mila pertsonak baino gehiagok erabili dute 2022ko ekainean sortu zenetik, eta milioi bat kontsulta baino gehiago egin dira. Interneten dagoen kultura zabaltzeko Euskadiko proiekturik aktiboenetako bat da, eta gure asmoa da datozen urteetan hazten jarraitzea, bilduma berriak gehituta, Arabako argazkigintzaren historiaren erreferente nagusi bihurtu arte".

Argibide gehiago, hemen:

Villarruinas. Gerra Zibila Araban

https://photo.araba.eus/s/villarruinas/page/hasiera

Hemen petrolioa dago!

https://photo.araba.eus/s/petroleo/page/hasiera

araba.eus

  • DataAbenduak 30
  • Gaia Ikusizko arteak