Gasteizek koloreek munduan duten esanahia ezagutuko du National Geographicen argazki-erakusketari esker
- "la Caixa" Fundazioak, Gasteizko Udalarekin lankidetzan, Munduko koloreak, 42 argazkiko erakusketa, aurkeztuko du
- Argazkiak National Geographiceko argazkilari entzutetsuek ateratakoak dira eta, horien artean, honako hauenak egongo dira ikusgai: Joel Sartore, Steve McCurry, Lynn Johnson edo Jodi Cobb
- Erakusketaren helburua mundua osatzen duen kolore-paleta zabala agertzea da, baita tonu bakoitzaren garrantzia eta konnotazioak ere, ez baitute denek esanahi bera planetako leku guztietan
- Mundu osoko paisaia, kultura eta tradizioen izatea jaso daiteke erakusketan: Papua Ginea Berria, India, Islandia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Txile, Estatu Batuak...
Vitoria-Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Sonia Díaz de Corcuerak, Euskadiko CaixaBanken merkataritza-zuzendari Ángel Garabietak, Euskadiko "la Caixa" Fundazioaren lurralde-ordezkari Sonia Sáenzek eta erakusketaren aholkulari Alexandra Laudok gaur aurkeztu dute Munduko koloreak. Erakusketak gure planetako askotariko paisaietara eta haiek bereizten dituzten koloreetara gerturatuko gaitu. Abenduaren 20tik 2025eko urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai Santa Barbara plazan.
National Geographiceko argazkilariek ateratako 42 irudiren bidez, "la Caixa" Fundazioak Gasteizko Udalarekin elkarlanean antolatutako erakusketak koloreari buruzko hausnarketa egiteko gonbita luzatzen du. Hain zuzen ere, une oro inguratzen gaituen elementua da kolorea, eta gure aldarteari eragin diezaioke, indarrez bete, erlaxatu edo hunkitu. Tonu eta ñabardurak nabarmendu gabe gera ez daitezen, erakusketa honek erabateko protagonista bihurtzen ditu koloreak.
Goizeko argiaren urdin lanbrotsuen, ilunabarraren purpura eta gorri garbien, zelaien berde bizien edo udazkeneko hostoen urre koloreen argazki hunkigarrietan, hausnarketa iradokitzailea aurkituko dute bisitariek koloreen esanahiari, haien ezaugarriei eta historian zehar izan duten sinbolismoari buruz.


