Patri Urkizu idazle, ikertzaile eta irakaslea zendu da
- 78 urte zituela hil da. Euskal Filologian doktore eta Bordelen eta UNED unibertsitatean irakasle jardun zen, eta bertsolaritza eta antzerkigintza sakon ikertu zituen. Gainera, poesia eta narrazioa landu zituen
Patri Urkizu lezoar idazle, ikertzaile eta irakaslea zendu da, 78 urte zituela, Berria egunkariak iragarri duenez. Urkizuk lan eskerga egin zuen bertsolaritza eta antzerkigintza ikertzen, eta hamaika artikulu (Antzerti berezia, Anuario del Seminario Julio de Urquijo, Argia, Egan, Euskera, Hegats, Jakin...) eta liburu (Euskal Antzertia, Zuberoako irri-teatroa. Recueil des farces charivariques basques, Anton Abbadia. 1810-1897. Biografia saioa, Balada zaharrez...) argitaratu zituen berorien gainean.


