"Tabakalera belaunaldia", zine-programaren protagonista zentroaren hamargarren urteurrenean
Tabakalerak 2025eko zine-denboraldi berria aurkeztu du. Denboraldia urtarrilaren 10ean hasiko da, Tabakalerako pantaila partekatua sustatzen duten erakundeen eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
Tabakalerak hamar urte beteko ditu datorren urtean eta zine-programazioa efemeride horren luzapena izango da, urte hauetan egindako bidea eta lana balioesteko aukera.
Tabakalera belaunaldia
Tabakalerako zine-pantailak bertako egonaldi-programa eta zinea babesteko deialdiei esker euren lan-ibilbidea hasi eta egonkortu duten zinegileen belaunaldiaren filmak proiektatuko ditu urtean zehar. Ekimen horiek guztiak pantaila partekatua osatzen duten erakundeek sustatu dituzte, Ikusmira Berriak edo Noka bezalako zine-sorkuntza babesteko sistema oso bat eratuz.
Ikusmira Berriak 10 urte, Zinemaldia + PLUS-en parte dena, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatu dute aurten, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren hamargarren urteurrenaren harira. Ziklo berriaren xedea da atzera begiratzea eta aipatu bi erakundeek Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen duten Ikusmira Berriak zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea. Horretarako, programaren barruan garatu eta dagoeneko amaituta dauden eta Donostia Zinemaldia edo Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Márgenes, Torino edo Mar del Plata bezalako zine-jaialdietan aurkeztuak izan diren 21 film proiektatuko dira.
Lehen saioan, urtarrilaren 25ean, Pablo Álvarezen El extraño (2016) film laburra eta Kiro Russoren El gran movimiento (2021) film luzea eskainiko dira. Otsailaren 1ean, bestalde, Leo Calicek eta Gerhard Tremlek zuzenduriko Calipatria eta Helena Girónen eta Samuel Delgadoren Eles transportan a morte (2021) lanak eskainiko dira. Otsailaren 8an Gwendolyn Green (Tamyka Smith, 2017) eta All Dirt Roads Taste of Salt (Raven Jackson, 2023) lanen txanda izango da, otsailaren 15ean Troterena (Xacio Baño, 2018) eta martxoaren 8an Las letras de Jordi (Maider Fernández Iriarte, 2019) lanarena.


