Arte Ederren Bilboko Museoko lanak atzeratu egingo dira
- 2025eko uztailerako gauzatua behar zuen Agravitas proiektuak, baina, lanean ari den enpresa baten arazo ekonomikoak direla eta, 2025eko azarora atzeratu dute amaiera data
Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko lanak atzeratu egingo dira, bertan diharduen enpresetako baten arazo ekonomikoak direla eta. Uztailerako barik, azarorako egongo dira amaituta, Museoaren arduradunek gaur kazetariei azaldu dietenez.
Hain zuzen ere, eraikinaren azken pisuko sabaia eta horren egitura egiteko ardura zuen enpresak, Inversa izenekoak, ezingo die lan horiei ekin, hartzekodunen konkurtsoan baitago, eta museoa zabaltzeko lanak egiten ari den aldi baterako enpresa elkarteak hiru hilabeteko etena eskatu dio patronatuari. Patronatuak etenaldi hori onartu zuen atzo.


