Beñat Sarasola: «Boterearen hitz eta estrategiak asumiturik ezin da merezi duen obra bat idatzi»
- Donostiar idazleak Coca-Cola bat zurekin eleberria argitaratu du, Frank O'Hara estatubatuar poeta eta arte komisarioaren bizitzaren lorratza jaso eta anplifikatuta
Frank O'Hara estatubatuar poeta (Baltimore, Maryland, 1926 – Mastic Beach, New York, 1966), "Having a Coke with You" O'Harak Vincent Warren maitaleari eskaini zion poema ("Coca-Cola bat zurekin hartzea are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino", hasten da) eta, O'Hara bertako arte komisario zela, MoMA New Yorkeko museoak 1960an Espainiako artista garaikideei eskaini zien erakusketa: hiru zutabe horien gainean eraiki du Beñat Sarasolak (Donostia, 1984), dokumentazio lan eskerga baten ondoren, Coca-Cola bat zurekin (Susa argitaletxea) bere bigarren eleberria, Deklaratzekorik ez estreina apartaren ondorengoa.
Toki-denbora horietatik, Sarasolaren begirada zolia arte sistemaren inguruabarretara, botereak (kasu honetan frankismoak Luis Gonzalez Robles arte komisarioaren eskutik) arteaz egiten duen erabilerara eta, berbarako, Oteizaren motibazio artistikoetara eta ideologiara iristen da, argiro, baina baita O'Harak Vincent Warren maitalearekin duen harremanera ere, eta harekiko lilurak bere bizitza nola zeharkatzen duen erakustera ere.
Coca-Cola bat zurekin lana zorrotza da errealitatearekin, leialki biltzen ditu egunkariko lerroburuetan eta artxiboetan zuri-beltzez jaso zirenak, baina are zorrotzagoa da irakurle ernearekin, horietatik abiatuta grisak marrazten dituenean, Sarasolak hitz eta formula kaltegabe eta kamustuak zorroztu eta, O'Harak bere poemetan bezala, gauza txikietan "ideia, printza eta uneen kolpea jaso eta tinko tekleatzen" duenean, teknikoki eta estilistikoki betegina den eleberrian.
Sarasolarekin hitz egin du eitb.eus-ek.
Deklaratzekorik ez zure lehen eleberria, aurrekoa, testuinguru gertukoan girotuta dago: irakurle askorentzat hurbilekoak diren toki-garaietan. Bigarren hau, ordea, urrun kokatu duzu: 1960 inguruko New Yorken nagusiki. Nola neurtzen da zer, zenbat eta nola esan, kontakizunaren inguruabarrak irakurleari gerturatu baina, aldi berean, ez gogaitzeko? Norengan pentsatzen da irakurle inplizito gisara?
Egia esan, halako gauzak nahiko intuitiboki erabakitzen ditut idatzi ahala. Esate baterako, Deklaratzekorik ez nobela gaztelerara itzuli zenean konturatu nintzen balizko irakurle espainiarrarentzat aski ezberdinak izango zirela hainbat kontu, baina hori ez dut kalkulatzen idatzi bitartean.
Bestetik, ez zaizkit testuinguratzeak gehiegi gustatzen literaturan; hau da, normalean, ez zait gustatzen narratzaile batek hitza hartu eta azalpen zuzenak ematen hasten denean historialari bat edo kazetari bat balitz bezala. Nahiago dut pertsonaiek, ekintzek eta espazioek hitz egin dezaten.
Hori esanda, imajinatzen dut irakurle inplizitu moduan euskarazko irakurlea dudala buruan, eta horren barruan, hori ere oso anitza baita, zorionez, irakurle jakin bat, baina, esan bezala, ez naiz oso kontziente.


