Pinchas Zukermanek eta Amanda Forsythek eszenatokia partekatuko dute berriz Euskadiko Orkestrarekin
- Euskadiko Orkestrak laugarren kontzertu-programan nazioarteko musikari garrantzitsuenekoa den Pinchas Zukermanen laugarren bisita hartuko du, eta biolinjole eta zuzendari funtzio bikoitza beteko du honek, programa-aldaketa baten ostean
- Azaroaren 29tik abenduaren 5era izango diren kontzertuen programa Mozart eta Beethovenen obrek osatzen dute nagusiki. Horrez gain, Bilbon eta Donostian, Amanda Forsyth biolontxelojoleak Max Bruchen "Kol Nidrei" interpretatuko du, eta Gasteiz eta Iruñean, Zukermanek "Berceuse sfaradite" sehaska-kanta sefardia joko du
Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 24/25 Kontzertu Denboraldiko laugarren programari aurre egingo dio, "Mozart / Beethoven" izenekoa. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, azaroak 29, eta astelehenean, abenduak 2, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, abenduak 3, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; asteazkenean, abenduak 4, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegunean, abenduak 5, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Pinchas Zukerman biolinjole bikainak lau aldiz bisitatu du Euskadiko Orkestraren Denboraldia. Nazioarteko musikari handia da Zukerman, Isaac Stern eta Pau Casalsek babestu zuten hasieran, eta biolinerako literatura handi guztia interpretatu du, XX. mendeko musikaririk ezagunenekin batera. Hala, oso hurbileko harremana du hainbat artistarekin, hala nola Zubin Mehta, Daniel Barenboim edo Jacqueline du Pre-rekin. Diskografia oso zabala du, 100 obra baino gehiago grabatu ditu eta bitan irabazi du Grammy saria. Gainera, Zukerman orkestra-zuzendari trebea da, eta funtzio bikoitz honetan ikus ahal izango dugu Robert Treviñoren lekukoa hartu ostean (estatubatuarra zegoen hasiera batean programatuta).


