EITBk eta Tabakalerak "Audiogile Berriak" deialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute, audiofikziorako gidoilari berrien bila
Euskarazko soinu fikzioa sustatzea da Tabakalera eta EITBren arteko Audiogile berriak egitasmoaren helburua. Bigarren deialdia aurkeztu dute astearte honetan (azaroak 26) Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak Tabakaleran bertan. Bat etorri dira biak estreinako edizioaren arrakasta azpimarratzean.
Hain zuzen ere, dagoeneko gauzatu den proiektu irabazlearen trailerra, Xabier Payaren De Rigor Mortis, entzuteko aukera ere izan da aurkezpenean. EITBPodkasten asteartean bertan estreinatu da lau ataleko soinu fikzio berria. Rafa Rueda soinu bandaren sortzailea ere egon da aurkezpenean, baita Harkaitz Cano ere, lehen edizioko proiektugileen tutorea.
Azaroak 26tik urtarrilaren 10era bitartean izango da zabalik Audiogile Berrien bigarren deialdia. Aurrekoaren ildotik, aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatu egingo dira, gidoi bilakatu arte. Prozesu horretan nabarmendu behar da edizio berrian Jose A. Pérez Lledóren eta Katixa Agirreren laguntza ere izango dutela banakako tutoretzen bidez.
Horietako bat ekoitzi egingo du EITBk eta zabaldu. 2025eko maiatzaren amaieran emango du epai-mahaiak erabaki horren berri. Aukeratutako proiektuak 30 000 euro aurrekontua izango du ekoizpenerako.
Halaber, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian hiru hilabetez lanerako lekua izango dute hiru proiektu finalisten egileek. Horrekin batera, 2.000 euroko dirulaguntza proiektuak garatzeko, Tabakaleraren kontura eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi izango dira. Azkenik, hautatutako gidoiaren egile edo egileen eta EITBren artean eskubideak lagatzeko nahitaezko kontratua formalizatuko da.


