Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons: «Proiektu honek duen helburua amatasunaren inguruan dauden begirada, aurreiritzi, presio, onura eta beldurren arteko pultsua plazaratzea da»
Aurten, Zinebi zinemaldiak Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zinemagileek zuzendutako Azkena film laburra hartuko du sail ofizialean. Elkarrizketa honetan, animazio-proiektu honi forma eman zioten alderdiak aztertuko ditugu, hasierako inspiraziotik hasi eta erronketaraino.
Zertan inspiratu zineten film labur hau sortzeko?
Ez dugu gogoratzen ideia hau eratzen hasi zen momentu zehatza, ezta "inposatutako" amatasunaren ideia gugan sakon sartu zen momentua ere. Beharbada, gure adina dela eta, amatasuna nahiko presente egon da lagunen artean, elkarrizketetan edo familia inguruan. Ikus-entzunezkoa eta artea gure adierazpen moduak direnez, ardura hauek guztiak animazio film labur baten bitartez irudikatzea bururatu zitzaigun. Kasu honetan, eta pertsonala politikoa den ideiari hurbilduz, gertuen daukagunarekin kontatzea erabaki genuen: gure ama eta amamen istorioak eta gure esperientzia pertsonala.


