Bilbao Bizkaia Design Week 2024 ekimenak jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egingo du bere 10. urteurrenean
- Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diseinuaren astearen hamargarren edizioa aurkeztu dute, Bilbo UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Diseinuaren Hiri izendatu zutenetik hamar urte betetzen direnean
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Design Week 2024 (BBDW) aurkeztu dute gaur. Jarduera hau erreferentziazko ekitaldia da diseinuaren munduan eta aurten hamar urteko ibilbidea ospatzen du, Bilbo UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Diseinuaren kategorian sartu zeneko hamargarren urteurrenarekin bat eginez.
BBDWk argi eta garbi islatzen du garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko bokazioarekin eta gaitasunarekin hiri-eraldaketaren ardatz egituratzaile gisa Bilbok eta Bizkaiak diseinuaren alde egindako apustua.
"Biotik Design: bizitzarako lurraldeak" izenburupean, hamargarren edizio honek prozesu sortzaileetan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, gero eta konplexuagoa den egungo testuinguruaren aurrean ikuspegi eraldatzailea hartzen lagunduz.
Azaroaren 14tik 22ra bitartean elkarrekin hausnartuko da nola diseinatu modu biotikoan, hau da, sorkuntzak begirada ekologiko, inklusibo, kolaboratibo, kode ireki eta esperimental batetik behatuz eta proposatuz. Diseinuko profesionalek, ikasleek, prestakuntza-zentroek, administrazio publikoek, erakundeek, elkarteek eta, oro har, herritarrek, proposatutako jarduera guztietan parte hartu eta izena eman ahal izango dute, edukiera bete arte: https://bilbaobizkaiadesignweek.eus/es/actividades.


