Bilboko Euskal Museoaren birmoldaketa integrala eraikuntzaren azken fasean sartu da, "hazkunde" etapa batean

  • Bilboko Euskal Museoaren birmoldaketa integrala eraikuntzaren azken fasean sartu da,

  • Leixuri Arrizabalaga, Euskal Museoko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, eta Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria, obraren arduradunekin batera izan dira obran
  • Antonio Vaillok, proiektuaren ardura duen arkitektoak, baieztatu du "agerikoagoa den fase batean sartu garela, eta Kurtze eraikinari dagokionez, laster estalkia osotuko da, eta, beraz, barneko akabera-lanekin eta instalazioekin hasi ahal izango da"
  • Fase honetara iritsi baino lehen, eraikinen egituraren eta zimenduen atala landu da
  • Gaur egun, mockup bat egiten ari dira (obra amaitutakoan Museo berriaren espazioak nolakoak izango diren adierazten duen prototipoa), materialak, koloreak eta azalerak ikuste aldera

Bilboko Museoak lanean jarraitzen du bere birmoldaketa integrala osatzeko. Une honetan, bere azken eraikuntza-fasea hasi da, eta, amaitu ondoren, espazio berri bat sortuko da, euskal kulturaren nazioarteko ate bihurtu nahi dena. Hazkunde-fase honetan, lau eraikinetako solairuak (Kurtze, Miserikordia, Unamuno eta Klaustroa) "armatzen" ari dira; fase honetara, beharrezko zimendu-lanak amaitu ondorik iritsi gara, eta hagitz lan konplexuak izan dira, egituren izaera dela-eta.

Azken eguneratzeak ezagutzeko asmoz, Leixuri Arrizabalaga, Euskal Museoko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, eta Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria, obraren arduradunekin batera izan dira obran.

Espazioetan zehar egin duten ibilbide honetan, Antonio Vaillo arkitektoak lagunduta, Museo berrian erabiliko diren materialak, koloreak edo azalerak gertutik ikusi ahal izan dituzte, erakundearen klaustroan eraikitzen ari diren mockup delakoari esker. Euskal Museoko aretoak obra amaitutakoan nolakoak izango diren erakusten duen prototipoa da, eta obrak aurrera egiten duen bitartean eraikitzen ari da.

Horrezaz gainera, Kurtze eraikinaren estalkia bisitatu dute. Toki horretan, estalkiaren egitura metalikoa egiteko lanetan ari dira gaur egun (estalkia bere lekuan jarrita dago eta profileria osoarekin eratuta dago).

Kurtze eraikinetik gainerako eraikinetan egiten ari diren lanak ikusi ahal izan dituzte. Adibidez, Kurtze eraikinetik Miserikordiara doan galeriaren hormigoi armatuzko estalkia, dagoeneko hormigoituta geratu dena.

Hormigoi armatuzko zutabeak eta habeak eraikitzen jarraitzen da, eta bigarren solairuan termobuztina jartzen. Gainera, izei-egurrezko habeak jarri dira lehen solairuan.

Datozen hilabeteetan, lan horiek solairu guztietan aurrera egin ahala, Unamunoko fatxada osatuko da; izan ere, bere garaian aldatu egin behar izan zen, lur-jausi arazorik ez egotea bermatze aldera, eta arazo hori dagoeneko erabat konponduta dago.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAzaroak 7
  • Gaia Museoak, Ondarea