Hofe x 4:40: «Ferminek aurrea hartu dio beti bere garaiari»
- Verde Pratok, Hofe x 4:40k eta Nakar taldeak Fermin Muguruzaren 40 urteko ibilbide musikala ohoratuko dute ostegunean, urriak 31, Bilboko Kafe Antzokiko oholtzaren gainetik. Hoferekin hitz egin du eitb.eus-ek, irundar musikariaren bideaz
Joan-etorriko artefaktua da musika baliotsua: iraganetik hartu, orain sortu eta gerora ematen da sorkari erritmiko eta melodikoa, halabeharrez. Hori presente izan dute eta izaten dute esker oneko sortzaile ernaiek, dela Johnny Cash beterano batek, bere ibilbidearen hondar aldian, Nine Inch Nails talde modernoago baten proposamenari irekita, dela –zer dakit nik, hamaika adibide daude– Sara Zozayak eta Benito Lertxundik elkarrekin kantatzen Benetan kantuan (Sara Zozaya, I, 2020).
Etsenpluak ugari dira, esan bezala, musikaren orainaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko besarkadez ari garela; Fermin Muguruza musikariak, esaterako, euskal musikagintzaren katebegi berriagoen esker ona jasoko du ostegunean, urriak 31, toki ezin hobetik, Bilboko Kafe Antzokiaren agertoki gainetik.
Verde Prato musikariak, Hofe x 4:40 Igotz Mendez Hofe abeslariaren eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleen proiektuak eta Nakar taldeak Fermin Muguruzaren 40 urteko musika ibilbidea (Kortatu, Negu Gorriak, Fermin Muguruza eta Dut, bakarkako ibilbidea...) ospatuko dute, kantuan; "kantatzen du(e)n herri bat ez da inoiz hilko"-eta, jakina denez.
Bime musika industriaren profesionalen Bilboko topaketak antolatu du osteguneko emanaldia, eta, horren kari, hainbat aldiz subjektu gisa gauzatu duen belaunaldi arteko omenaldia bueltan etorriko zaio Irungo musikariari, iragarri zutenetik arreta handia erakarri duen munduko bira abenduan abiatu aurretik.


